Slow movement deritzon bizimoduan oinarritutako Busturia gura du Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta, prentsa oharrean jakinarazi dutenez, mugimendu horri jarraitu diote herri programa egiteko. Horren bitartez, «Busturiako bizilagunen ongizaterako garapen ekonomikoa» lortzea be garrantzitsua deritzote, baita balore ekologikoak mantentzearen aldeko jarrera izatea be.
Auzo bakoitzarentzat proiektu bana lelopean, datorren legegintzaldirako zehaztu dituen ardatz nagusienak azaldu ditu Busturiko EAJk, eta proiektu garrantzitsuak auzo guztietara eroatearen alde egin duela azpimarratu du.
Hala, Busturiko bost auzoetako bakoitzean proposatzen dutena azaldu dute jeltzaleek.
Erabilera askoko aretoa
Eskola ingurua «leku seguruagoa» egin gura du Busturiko EAJk. Horretarako, eliza aurreko kalea eta Jose Maria Uzelai eskolaren ingurua egokitu gura dute, Altamiran.
Axpe auzoan, barriz, erabilera askoko aretoa egitea da jeltzaleen asmoa, kultur eta gizarte ekintzak bultzatzeko. Areto hori etorkizunean Kurtzio aurrean kokatuko den eraikinaren behekaldean egitea proposatzen du alderdi horrek.
Kirol gunea San Kristobalen
San Bartolomeko harrobia be herritarren erabilerarako berreskuratu gura dute jeltzaleek. Hala, leku horretan Harrobia izeneko musika gune erraldoia egiteko asmoa jasoko dute udal hauteskundeetarako herri programan.
Kirol gune barria egitea be bada EAJren udal hautagaien asmoa, eta San Kristobalen egin gura dute hori. Besteak beste, gimnasioa, skate-pista, futbol 7rako zelaia, erabilera anitzerako pista eta aire libreko igerilekuak egin gura dituzte kirol gune barri horretan.
Azkenik,Paresi auzoari dagokionez, hango parkea egokitzeko asmoa agertu du Busturiko Eusko Alderdi Jeltzaleak. Izan be, aisialdirako gunea sortu gura dute han, hauteskunde programan jaso dutenez.
HAUTAGAIAK
- Luis Fernando Oleaga.
- Aitor Aretxaga.
- Idoia Etxebarria.
- Andres Zearreta.
- Naiara Ruiz.
- Iñaki Inzunza.
- Itziar Alegria.
- Maite Larringan.
- Mikel Alvarez.
- Miren Uriagereka.
- Joseba Retolaza.
- Juan Bilbao.