Bilduren hautagai zerrendak baliogabetzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia salatu eta Euskal Herriak egun bizi duena «eskandalua» dela kritikatu du Busturialdeko eta Lea-Artibaiko euskal gehiengo sindikalak. Bi eskualdeotako laangile eta herritar ororentzat «frankismorako buelta bat» dela esan dute ELAK, LABek, STEE/EILASek, EHNEk eta HIRUk, prentsa ohar bidez. «Milaka eta milaka herritarrek bozka librerako eskubidea galduko» dutela salatu dute sindikatuek. Eskubide urraketa hori, gainera, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan nabarmenagoa izango dela irizten dute.
Horregatik, erabaki horren aurkako jarrera adierazteko deia egin die gehiengo sindikalak bi eskualdeetako herritarrei eta langileei, eta bihar egingo dituzten mobilizazioetan eta elkarretaratzeetan parte har dezaten eskatu diete. Hain zuzen, herri nagusienetako udaletxe aurreetan eta hainbat enpresatan egingo dituzte mobilizazioak.
Biharko, bestalde, nazio manifestazioa deitu dute, Bilbon. Hara joateko autobusa aterako da Gernika-Lumotik, eta txartelak Lagun-Etxea tabernan eros daitezke. 18:00etan aterako da autobusa Gernikatik, eta gauerdian egingo dute buelta, Bilbotik.
MOBILIZAZIOAK (zehaztuta daudenak)
- Gernikako udaletxe aurrean: 11:30-12:00
- Bermeoko udaletxe aurrean: 11:30-12:00
- Markinako udaletxe aurrean: 11:30-12:00
- Ondarroako udaletxe aurrean: 11:30-12:00
- Lekeitioko udaletxe aurrean: 11:30-12:00
- Kautobe enpresan (Berriatuan): 10:30
- Salica kontserba enpresan (Bermeo): 15:00