Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonezko bi atxilotu zituzten herenegun Gernika-Lumoko lokal batean, billete tindatuen metodoa erabiliz iruzur egitea leporatuta. Atxilotutakoek 39 eta 24 urte dituztela zehaztu du Ertzaintzak; baita tindatutako 1.700 pa...
Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonezko bi atxilotu zituzten herenegun Gernika-Lumoko lokal batean, billete tindatuen metodoa erabiliz iruzur egitea leporatuta. Atxilotutakoek 39 eta 24 urte dituztela zehaztu du Ertzaintzak; baita tindatutako 1.700 paper zati eta «‘garbitzeko’ edo diru legala bihurtzeko ustezko erreaktiboz betetako poteak» atzeman dizkietela be.
Herrizaingo sailetik azaldu dutenez, apirilaren amaieran hirugarren pertsona batekin jarri ziren harremanetan, «negozio bat eskaintzeko». Hain zuzen, «herrialde afrikar batetatik ekarritako 50, 100 eta 500 euroko billeteen garbiketan» oinarritzen zen iruzurra. «Beltzez tindatuta zegoen ustezko dirua, Afrikako herrialdetik kapital-ihes susmorik barik atera ahal izateko», Herrizaingo sailaren arabera. Billete tindatuen truke, ustezko iruzurgileek 18.000 euro eskatu zizkioten hirugarren pertsonari, billeteak produktu berezi batzuekin transformatuta irabazi handiak izango zituela esanez.
Atxilotu zituztenean billete tindatuz betetako fardelak; 50, 100 eta 500 euroko billeteen tamainako paperak; horien garbiketarako likido erreaktiboz betetako poteak eta beste objektu batzuk atzeman zizkieten. Konfiskatutako materiala aztertzeko dagoela azaldu dute Ertzaintzatik. Bitartean, epailearen esku utzi dituzte bi gizonezkoak.