Ionut Zinka Gasteizen bizi den errumaniarrak eta Emanuela Brizio italiarrak irabazi zuten iragan zapatuko Ternua Arratzu Urdaibai mendi lasterketa. Zinkak bigarrenez irabazi zuen lasterketa eta “oso pozik” azaldu zen probaren amaieran. Brizio, bestalde, lehenengoz izan zen Arratzun. Italiarrak lasterketaren “gogortasuna” azpimarratu zuen, eta “pozik” azaldu zen emakumezkoen mailan garaipena lortu zuelako. Azaldu zuenez, “ibilbide oso gorabeheratsua” dauka probak eta zenbait puntu “gogortasun handikoak” dira. Bertoko korrikalaririk onena, bestalde, Imanol Goñi izan zen. Natxituarrak (Ea) Arratzuko Arrolape taldeagaz lehiatu zuen lasterketa eta seigarren postuan bukatzea lortu zuen. Ereñozar lehenengo hogeien artean zeharkatu ostean, lasterketaren bigarren zatian hainbat aurkari harrapatu eta atzean utzi zituen seigarren postuan bukatzeko. Bertoko korrikalari batek lortu duen emaitzarik onena izan da lasterketa antolatzen hasi zirenetik. Urdaibaiko lasterketak fama hartu du 2009an lehenengoz antolatu zutenetik eta aurten inoiz baino parte-hartzaile gehien izan dira. Guztira 450 korrikalari inguru batu ziren irteera lerroan. Aurten, gainera, eguraldia lagun izan dute korrikalariek. Iaz ez bezala, eguzkia izan zen ibilbideko protagonista parte-hartzaileen lana erraztuz. Arratzukoa nazioen txapelketarako (Mountain Runnig International Cup) bigarren proba puntuagarria izan zen. Lehenengo bi probetan garaipenak lortu ostean, Zinka eta Brizio sailkapen nagusiaren buruan dira. Probaren gogortasuna Eguneko lehenengo puntu beroa, Ereñozarreko igoera izan zen. Parte-hartzaileek Santimamiñen hasi zuten [...]