Intxausti Euskaldun onena izan da Euskal Herriko Itzulian
Beñat Intxausti muxikarra euskaldun onena izan da iragan zapatuan bukatu zen Euskal Herriko Itzulian. Muxikakoak laugarren postuan amaitu zuen etxeko itzulia eta podiumean sartzeko lehian izan zen azkenengo egunera arte. Azken erlojupeko ona egin arren, sailkapen nagusia lehiatzen zebiltzan hiru gizonek aurrea hartu zioten. Kloden (Radioshack) irabazlea, Horner (Radioshack) eta Gesing (Rabobank) izan zituen aurretik Intxaustik. Hamasei segunduko aldeagatik, ez zuen lortu podiumean sartzea. Iaz lortutako podiuma “ez errepikatzeak” pena apur bat emon dion arren, Muxikakoa, “pozik” dago laugarren postuagaz. Aurkariak “indartsuagoak” izan direnez, ezin izan du lehenengo hiruren artean sartu, baina orokorrean, taldeak “itzuli ona” egin duela uste du. “Taldekako sailkapena eta etapa bat irabazi ditugu, sailkapen orokorrean laugarrenak izan gara eta euskaldun onenaren txapela irabazi dugu”. Azken bi urteetan sailkapen nagusiko aurrealdean egon ostean, Itxaustik itzulia irabazteko aukerak dituela uste du. Dioenez, “zaila izango da, baina itzuli hau irabazteko lehenengo pausoa emon dut: aurrean ibiltzea”. Muxikarrak ez du ilusioa galtzen eta liderarren mailota jantzi gura du barriro. Muxikakoa, tropelaren aurrealdean izan zen egunero eta “ondo” amaitu zuen itzulia. Azaldu duenez, “ez nuen egun txarrik izan, okerrena beroa izan zen”. “Euskal Herriko txirrindulariak, adibidez, ez gaude bero honetara ohituta eta nahiko gogorra izan da”. Eguraldi arraroaren eraginez, txirridulariek “asko [...]
Beñat Intxausti muxikarra euskaldun onena izan da iragan zapatuan bukatu zen Euskal Herriko Itzulian. Muxikakoak laugarren postuan amaitu zuen etxeko itzulia eta podiumean sartzeko lehian izan zen azkenengo egunera arte. Azken erlojupeko ona egin arren, sailkapen nagusia lehiatzen zebiltzan hiru gizonek aurrea hartu zioten. Kloden (Radioshack) irabazlea, Horner (Radioshack) eta Gesing (Rabobank) izan zituen aurretik Intxaustik. Hamasei segunduko aldeagatik, ez zuen lortu podiumean sartzea.
Iaz lortutako podiuma “ez errepikatzeak” pena apur bat emon dion arren, Muxikakoa, “pozik” dago laugarren postuagaz. Aurkariak “indartsuagoak” izan direnez, ezin izan du lehenengo hiruren artean sartu, baina orokorrean, taldeak “itzuli ona” egin duela uste du. “Taldekako sailkapena eta etapa bat irabazi ditugu, sailkapen orokorrean laugarrenak izan gara eta euskaldun onenaren txapela irabazi dugu”.
Azken bi urteetan sailkapen nagusiko aurrealdean egon ostean, Itxaustik itzulia irabazteko aukerak dituela uste du. Dioenez, “zaila izango da, baina itzuli hau irabazteko lehenengo pausoa emon dut: aurrean ibiltzea”. Muxikarrak ez du ilusioa galtzen eta liderarren mailota jantzi gura du barriro.
Muxikakoa, tropelaren aurrealdean izan zen egunero eta “ondo” amaitu zuen itzulia. Azaldu duenez, “ez nuen egun txarrik izan, okerrena beroa izan zen”. “Euskal Herriko txirrindulariak, adibidez, ez gaude bero honetara ohituta eta nahiko gogorra izan da”. Eguraldi arraroaren eraginez, txirridulariek “asko sufritu” behar izan zutela jakinarazi du.
Lasterketa Arraten amaitu zenean, bestalde, Intxausti “ondo” zegoen. Pedal kolpe onagaz ikusten baina, Tondo taldekideak leheneago egin zuen ihes eta tropel buruaren babesean geratu behar izan zuen. Muxikarra “erasoa jotzeko gogoz” geratu zen, baina “taldearen mesedetan” egin zuela dio.
Klasikak eta Romandiako Itzulia
Muxikarrak egutegi polita izango du datozen asteetan. Lehendabizi Belgika aldera joango da Flecha Valona eta Lieja-Bastogne-Lieja klasika handiak lehiatzera. Ostean Romandiako Itzulian (Suitza) izango da.
Etxean laugarren postua lortu ostean, “gogotsu” ekingo die datozen erronkei. “Euskal Herriko Itzulian munduko txirrindularirik onenetakoak izan dira eta aurrean ibiltzeak, lasterketei animo gehiagogaz ekiteko aukera emoten du”.