Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, atzo eguerdian Zierbenan itotako lagunetako bat Matxitxako inguruan aurkitu ostean, Bermeotik ekin diote gaur beste bi pertsonen bilaketari.
14:45ean topatu zuten atzo euretako baten hilotza, Matxitxako lurmuturretik 3,5 miliara, eta Bermeora eroan zuten ondoren, arrantzaleen kofradia aurrera
Zirri ontzia ostegun arratsaldean irten zen berdeletara bost lagunekin –tartean 11 urteko ume bat zegoen–, eta gauean, etxera itzultzen ez zirela ikusita, senide batek desagertzearen barri emon zuen. Gurutze Gorria, Ertzaintza eta Guardia Zibila desagertutako lagunen bila hasi ziren, eta haietako bi aurkitu zituzten goizean, onik: 11 urteko umea eta 52 urteko gizon bat. Hipotermia sintomak zituzten biek eta erietxera eroan zituzten, baina etxean daude dagoeneko. Beste hiruren bila jardun dute orduz geroztik, baina atzora arte ez zuten emaitzarik izan. Ontzia, barriz, ostiralean bertan aurkitu zuten Zierbenatik 10 milia ingurura.
Olatu txiki batek iraulita
Eskifaiako kideen senideek azaldu zutenez, Zirri ontzia itsasoratu zenean, itsasoa bare zegoen, eta istripua «olatu txiki» batek eragin zuen. Onik atera zuten gizonak azaldu zuenez, olatuak irauli egin zuen ontzia, eta bostak uretara erori ziren. Bati ura sartu zitzaion botetan, eta hondoratu egin zen, beste batek buia bati heldu zion, eta hirugarrena laguntza bila joan zen.