Europako hegaztien behatoki “garrantzitsuenetakoa” aurkeztu dute Gautegiz Arteagan
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Mario Fernandez BBKko zuzendari nagusiak eta Pako Etxebarria Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak, goizean aurkeztu dute Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centre hegaztien behatokia. Proiektuaren sustatzail...
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Mario Fernandez BBKko zuzendari nagusiak eta Pako Etxebarria Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak, goizean aurkeztu dute Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centre hegaztien behatokia. Proiektuaren sustatzaile nagusiak “oso pozik” azaldu dira Europa mailan dagoen “behatokirik garrantzitsuenetakoa” Busturialdean dagoelako.
Bilbaok jakinarazi duenez, “Urdaibai Bird Centre-ak hegaztiak aztertzeko sare zientifikoaren lehen lerroan jartzen gaitu”. Puntako teknologia erabiliz, “hezkuntza eta ikerkuntza” uztartuko ditu zentro berriak. Ahaldun nagusiaren ustez, hegaztiak aztertzeko aukera izango dute, ingurumen-hezkuntza sustatuko dute, bertoko ekonomirentzat onuragarria izango da, eta Europa mailan proiektu aintzindaria izango da besteak beste. “Altxor bat da” laburtu du.
Bilbaok Busturialdeko ekonomia berpizteko apustuen artean kokatu du hegaztien behatokia. Dioenez, “eskualde honek beste batzuek baino laguntza gehiago behar du eta irtenbideak aurkitzeko lan egiten gabiltza”. Ildo horretatik, Urdaibai Bird Centre-a bezalako proiektuak gauzatzea “ezinbesteko” ikusten du.
Bestalde, ingurumenari buruzko “kontzientzia berria sortzeko” bidean be, zentro garrrantzitsua izango da Gautegiz Arteagakoa. Aurkezpenean azaldu zutenez, jendea behaketa zientifikora gerturatzea nahi dute, baina zentrora sartzen diren bisitariak ez dira ikusle soilak izango. Egun batez, “ikertzaile izateko aukera” eskeini nahi dute.
Behatokia egokitzeko bost milioi euro inguru inbertitu dituzte BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Aranzadi Elkarteak, bestalde, eraikina kudeatuko du.