Pediatren gabezia anbulatorioetan
Sei lanpostu, eta bi pediatra jabedun. Busturialdeko errealitatea bat dator Euskal Autonomia Erkidegokoagaz. Euskal Herriko Pediatren Elkartearen esanetan, egoki dena baino %10-20 pediatra gutxiago daude gaur egun. Busturialdean pediatrentzako sei lanpostu daude, baina gaur egun lau baino ez dira eskualdean lanean ari diren pediatrak. Horietatik, gainera, bi baino ez dira plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen. Sei lanpostu horietatik beste bi familia medikuek betetzen dituzte. Hiru pediatra lanpostu daude Gernika-Lumoko osasun zentroan. Gaur egun hiru horietan pediatrak ari dira lanean, «baina horitatik bakarra baino ez da plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen», Gernika-Lumoko pediatra Txabi Txakartegik azaldu legez. Hori horrela dela azaldu eta behin-behineko plaza horiek hurrengo EPEan (Enplegu Publikorako Eskaintza) bete gura dituztela zehaztu du Osakidetzak. Kupoa, berez handiagoa Eskualdean plaza jabedun beste pediatra herri txikietakoa da. Bermeoko osasun zentroan, barriz, ez dago pediatrarik. «Bi plaza daude, eta bi horietan familia medikuak daude gaur egun». Mediku horiek, gainera, legez zehaztutakoa baino ume gehiago dituzte beraien kupoan. Hamar minutuko kontsulta egokitzat hartu eta pediatrako 800 umeko kupoa onartu zuten duela urte gutxi. Pediatra bakoitzaren kupoa 1.000 umera igo nahi duela jakinarazi du Osakidetzak duela gutxi, baina errealitatetik urrun dagoen proposamena da hori. Izan be, [...]
Sei lanpostu, eta bi pediatra jabedun. Busturialdeko errealitatea bat dator Euskal Autonomia Erkidegokoagaz. Euskal Herriko Pediatren Elkartearen esanetan, egoki dena baino %10-20 pediatra gutxiago daude gaur egun.
Busturialdean pediatrentzako sei lanpostu daude, baina gaur egun lau baino ez dira eskualdean lanean ari diren pediatrak. Horietatik, gainera, bi baino ez dira plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen.
Sei lanpostu horietatik beste bi familia medikuek betetzen dituzte. Hiru pediatra lanpostu daude Gernika-Lumoko osasun zentroan. Gaur egun hiru horietan pediatrak ari dira lanean, «baina horitatik bakarra baino ez da plazaren jabe. Beste biak behin-behineko lanpostua ari dira betetzen», Gernika-Lumoko pediatra Txabi Txakartegik azaldu legez. Hori horrela dela azaldu eta behin-behineko plaza horiek hurrengo EPEan (Enplegu Publikorako Eskaintza) bete gura dituztela zehaztu du Osakidetzak.
Kupoa, berez handiagoa
Eskualdean plaza jabedun beste pediatra herri txikietakoa da. Bermeoko osasun zentroan, barriz, ez dago pediatrarik. «Bi plaza daude, eta bi horietan familia medikuak daude gaur egun».
Mediku horiek, gainera, legez zehaztutakoa baino ume gehiago dituzte beraien kupoan. Hamar minutuko kontsulta egokitzat hartu eta pediatrako 800 umeko kupoa onartu zuten duela urte gutxi. Pediatra bakoitzaren kupoa 1.000 umera igo nahi duela jakinarazi du Osakidetzak duela gutxi, baina errealitatetik urrun dagoen proposamena da hori. Izan be, Gernika-Lumoko osasun zentroan pediatrako 1.200 ume dituzte. Beraz, kupoa handituz gero, bakoitzak 1.200 ume baino gehiago izango dituztela esan gura du, Txakartegiren iritziz.
Osakidetzak azaldutakoaren arabera, Bermeoko osasun zentroan pediatra lanetan ari diren bi familia medikuek be 800 ume baino gehiago dituzte beraien kupoan. «900 ume baino gehiago ditu batak, eta 1.000 baino gehiago besteak».
Hala, pediatra plaza barria ateratzeko eskatu dute anbulatorio horretako arduradunek, eta proposamena begi onez ikusi du Osakidetzak. «Pediatra bat kontratatzeko aukera balego kupo barria sortuko genuke, zalantzarik barik».
Pediatrak, egokiagoak
Alabaina, mediku pediatren eskasia hainbat urtetik hona duten arazoa dela dio Txakartegik. Halanda be, umeak artatzeko pediatrak familia medikuak baino egokiagoak direla baieztatzen dute hainbat ikerketek. «Aholku farmakologikoa egokiagoa da gaixotasun baten aurrean, gidak esandakoaren arabera; sendagai gutxiago kontsumarazten dute; froga gutxiago agintzen dituzte; umeak gutxiagotan bidaltzen dituzte espezialistengana; historia klinikoekin eta frogekin anomalitateak be errezago aurkitzen dituzte; prebentzio ekintzak hobeto betetzen dituzte eta umeen gaixotasun prebalenteei dagokienez praktika klinikako giden proposamenak be pediatrek zehatzago jarraitzen dituzte», Gernika-Lumoko anbulatorioko pediatrak azaldu legez.
Ekonomiari begiratuta, gainera, pediatrak familia medikuak baino «merkeagoak» direla dio Txakartegik. Ikerketek hala ondorioztatzen dutela dio. «Horrek ez du esan gura, ezta gutxiago be, familia medikuek lana gaizki egiten dutela».
Pediatren falta, baina, nabarmena da gaur egun. Euskal Autonomia Erkidegoan egoera ez da Espainiar estatuan besteko larria, baina egoera txarrerantz doala diote. Egoerak, oro har, medikuntzako arlo guztiei eragiten dio, baina pediatrak «iceberg-aren puntan» daudela uste du Txakartegik.
Eskakizunak
Herritarren zerbitzurako pediatren eskaintza handitu egin zuen Osakidetzak duela hamar urte; horrela, arratsaldeetako kontsultak ipini zituzten. «Ondo daude, zilegiak eta egokiak dira. Baina profesionalak ez dituzte kontuan hartu. Sarritan gertatzen da kontsultak ezin ditugula modu egokian pasatu, bai batean eta bai bestean be erabiltzaileren bat datorrelako laguntza eske, eta gehienetan presarik ez duen arazo batengatik».
Lanpostu barriak atera arren, horiek arratsaldeko kontsultetarako izaten direla azaldu du Txakartegik, 13:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. «Eskaintza eta ordutegi horiekin pediatrek gurago izaten dute ospitalera edo atzerrira jo». Horren aurrean, gainera, Osakidetzak ez du irtenbiderik emoten, Txakartegik dioenez. «Erabiltzaileak pozik izatea beste helbururik ez duela dirudi, eta kantitatea kalitatearen truke saltzen du».
Pediatren egoera eta beraien lana hobetzeko zenbait proposamen egin dituzte: pediatriako erizain bat eskatzen dute pediatra bakoitzeko, zenbait eskualdeetan pediatrak taldekatzea, ospitaleko espezialistekin koordinazioa hobea izatea eta ordutegien berrantolaketa dira eskakizun nagusienak .
Horiez gain, padiatrako 1.000 umeko batezbestekoa zehaztu beharrean kupoa mila umekoa baino handiagoa ez izatea be egokiago ikusten dute pediatrek. Gainera, arratsaldeko ordutegia nolabait blindatzeak be lagunduko lukeela dio Txakartegik, «nork bere kupoari zor dion arreta eskaintzeko, beste eskakizunak eten barik».
Osakidetzaren proposamenak, baina, bestelakoak direla azaldu du Gernika-Lumoko anbulatorioko medikuak: pediatrarengana hurbiltzea errezagoa egitea du xede, baita erizaintzako zein telemedizinako esku-hartzea gero eta handiagoa be. «Proposamen horiek, gure ustez, ez dute inolako zentzurik» –dio Txabi Txakartegik–, «are gehiago, ez dute sinesgarritasunik».