Bermeoko alkate Xabier Legarretak jakinarazi legez, Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den saneamendu lanak eta Erriberako urbanizazioa ekainerako amaituta izatea aurreikusten dute. «Lehenik eta behin, saneamendu lanak amaituko dituzte, ondoren urbaniz...
Bermeoko alkate Xabier Legarretak jakinarazi legez, Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den saneamendu lanak eta Erriberako urbanizazioa ekainerako amaituta izatea aurreikusten dute. «Lehenik eta behin, saneamendu lanak amaituko dituzte, ondoren urbanizazio lanekaz hasteko».
Oinezkoentzako gune bihurtuko da Erribera, horrela bertan zeuden aparkalekuak ez dituzte berriro egingo. «Erreten parkearen jarraipena» izango dela azaldu zuten bere garaian eta gune estali batean bihurtuko da. Umeentzako jolas gune bat ere hartuko du. Euria eta hotza egiten duen egunetan aterpea izateko leku bat izango dela adierazi zuten proiektua aurkeztu zutenean.
Bermeoko saneamendu sarearen proiektuaren lanen baitan, ekaitzetako tanke bat ipintzen ari da Aldundia Erriberan eta berau hartuko duen ingurua altueran asko altxatu beharko dutela azaldu zuen orduan Legarretak.
Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den proiektuak hamabi milioi eurotik gorako kostua dauka. Lanak amaitzen direnean gaur egun portura jaurtitzen diren ur-hondakinak jaso eta araztu egingo dira. Ur zikin horiek Erriberan kokatzen ari diren ekaitzetako tankera bideratuko dituzte eta handik Mundakan egiten ari diren Lamiarango Edar araztegira eramango dituzte.
Ezarritako epeak «ondo» betetzen ari direla esanez, proiektu guztia ekainean prest egongo dela azaldu du Bermeoko alkateak.