Lur funtsa erabiltzen hasteko sasoia badela dio Bizkaiko EHNEk
Lurrak badaude, eta horien erabilera arautuko duen dekretua onartuta dago. Nekazarien eta abeltzainen eskaerari erantzunez, Bizkaiko lur publikoekin lur funtsa sortzea onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak (EHNE) urteetan egindako eskakizun bati erantzuna emanez horrela.
Baserritarrei eta sektore horretan (nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan, frutagintzan…) lanean hasi gura duten gazteei laguntzea du xede lur funtsak, «lurrak eskuratzea errazago egitea», Bizkaiko EHNEko bozeramale Ainhoa Iturbek azaldu duenez. «Aldundiarekin egindako kontratu baten bitartez lurrak erabiltzeko aukera izan dezakete, urteko alokairua ordainduz». Prezioak, gainera, merkatuak araututakoak baino merkeagoak liratekeela azaldu du ajangiztarrak: «Abeltzaintzarako lurrengatik, esaterako, urtean 300 euro ordainduko lituzke erabiltzaileak».
Lur funtsa sortu dute dagoeneko; prezioak finkatuta daude, dekretuz, eta lurrak erabiltzeko eskaerak be hartu dituzte dagoeneko. «Erabakimena duen mahaia izendatu genuen, ordezkaritza zabalarekin, eta hark aztertu behar ditu eskaerak eta horien gainean erabaki». Alabaina, mahai hori behin baino ez dela bildu salatu du Bizkaiko EHNEko bozeramaleak, «dekretua zehazteko, hain zuzen». Barriro batzeko premia badagoela uste du Iturbek, proiektua «martxan jartzeko» beharra ikusten dutelako. «Legez onartuta dagoen arren praktikan oraindik ez dago ezer».