Allendekoek berretsi egin dute ingurumena zaintzeko konpromisoa
Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeak Eskola iraunkorraren saria jaso du. Hori ospatzeko, ekitaldia egin zuten joan den barikuan, eskolan bertan. Ekitaldian, besteak beste, eskolako zuzendaria, ikasketa burua eta ikasleak eta gurasoen ordezkariak ...
Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeak Eskola iraunkorraren saria jaso du. Hori ospatzeko, ekitaldia egin zuten joan den barikuan, eskolan bertan. Ekitaldian, besteak beste, eskolako zuzendaria, ikasketa burua eta ikasleak eta gurasoen ordezkariak eta Berritzeguneko aholkularia izan ziren.
Allende Salazarreko ikasketa buru Marian Araukuak bertaratutako guztiei eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia. Bukatutakoan, ikastetxeko zuzendari Maria Asun Barrenetxeak hasi zuen berbaldia. Barrenetxeak azken lau urteotan Agenda 21 programaren baitan egindako lan gogora ekarri zuen gogora; lan hori «natura eta ingurumena zein garrantzitsuak diren kontzientziatzeko» egin dutela azalduz. Sariaren inguruan be berba egin zuen eskolako zuzendariak, «denontzako oso pozgarria» dela aipatuz. Egindako lanaren truke saria jaso arren, «egindako ibilbidea hemen amaitzen ez» dela aitortu du Barrenetxeak. «Ahal den neurrian energia ondo erabiltzen saiatuko gara».
Eskolako ikasle batek aurreskua dantzatu zuen eta, ondoren, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak hartu zuen hitza, Allendek saria jasotzea «pozgarria» dela nabarmenduz. «Gauza hauek ikastea ona da zuek gero besteei erakusteko» esan zien Allendeko ikasleei.
Gainera, aurrezteko eta gutxiago kutsatzeko aholkuak eman zizkien. «Energia ahalik eta gutxien» xahutzeko edo «eskolatik hurbil bizi direnak oinez» joan daitezela esan zien Gorroñok. «Ez badugu ingurumena guk zaintzen, ez du-eta inork zainduko».