Monument Aux Martyrs D’Oradour izeneko eskultura inauguratuko dute bihar Gernika-Lumon. Besteak beste, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Benet Jane i Palau El Vendrell-eko alkate eta Fenosa fundazioko presidenteordea, Josep Miquel Garcia fundazioko zuzendaria eta Jordi Agras Estalella Kataluniako Generalitateko Kulturako lurralde zuzendaria izango dira Apel Les Fenosaren (Bartzelona 1899-Paris 1988) Europako Herrien parkean jarritako lan hori inauguratuko dutenak.
12:00etan hasiko da ekitaldia. Lana Kataluniako eskultore horren alargun eta jaraunsle unibertsala den Nicole Fenosa andreak eman zuen dohaintzan, iaz. Haren “gogoari jarraituta, obra Gernika-Lumon kokatu behar zen behin betiko”, azaldu dute Aldunditik. Brontzezko lana da (neurriak: 347x110x75) eta artistak 1944-1945 urte bitartean sortu zuen. Lanaren bidez, agerian utzi nahi izan zuen gerraren basakeria.