Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe! lelopean, “euskaldun sentitzen diren herritarrak” Donostiako kaleetan batu gura ditu Euskal herrian Euskarazek (EHE). Horretarako, autobusak aterako dira Busturialdetik eta Lea-Artibaitik. EHEko kide Pernan Basterretxeak eta Igor Oruek Euskal Herriak gaur egun bizi duen aldaketa prozesuan hizkuntzari dagokion garrantzia eman behar zaiola azaldu dute. “gaur egun gizartean aldaketa politikoak eta sozialak planteatzen direnean esan behar da aldaketa lingusitikoak be behar-beharrezkoak direla”. Hala, orain arteko eztabaidan euskara ez da dagokion mailan mantendu, EHEko kideen iritziz, “eta, azken finean, euskara da euskaldun egiten gaituena”.
Euskalduna, burujabea izateko
Frantziak eta Espainiak urteetan garatu dituzten asimilazio prozesuen ondorioz euskaldunak beraien nortasuna galtzen joan direla diote Basterretxeak eta Oruek. “Gazteleraren eta frantsesaren aurrean benetan galtzailea euskara bera da, eta horrekin batera euskaldunak, gure nortsauna galtzen dugulako”. Hala, Euskal Herriak burujabe izan behar duela argi du EHEk, baina euskalduna den heinean izango da burujabea, haien ustetan. “Lurralde bat da, bere zazpi probintziekin… Eta hizkuntzak lurralde osoa menperatu behar du, bestela ez dago etorkizunik”.
“Euskara barik ez dago Euskal Herririk”. Horregatik, diotenez, euskararen alde egiteak bat dator Euskal Herriaren askatze prozesuagaz. Euskararen aldeko borrokak indarra hartu behar du, “benetako euskal herri euskalduna lortzeko”. Eta bide horretan, esukararen alde egotetik, “euskararen alde egiteko garaia” heldu dela dio EHEk.
Autobusak: Izena emateko lekuak:
- GERNIKA-LUMO: AEK, Seber Altube ikastola, Arrano taberna eta lagun-Etxea taberna.
- ONDARROA: Anaitasuna eta Kulixa tabernak.
- LEKEITIO: Galarrena taberna.