Gernika-Lumoko, Bermeoko, Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udaleko langile komiteek bat egin dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak urtarrilaren 27rako egin duen greba orokorrerako deialdiagaz. Hainbat enpresa handitako kangileek be atxikimendua eman diote sindikatuen deialdiari; Lea-Artibaiko amankomunazgokoek, Inamakoek, Bermeoko Patronatuakoek, Uribarren-Abaroa erresidentziakoek, Salicakoek, Garavillakoek, Cumenagerrekoek, Ansolakoek, Zallokoek, Bartzilakoek edota Andiakoek, esaterako. «Horiek dira urtarrilaren 20a arte jaso ditugun atxikimendu esanguratsuenak», ELAko ordezkari Mikel Etxebarriak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez. «Horiez gain, hainbat enpresa txikitako langileen atxikimendua be izan dugu». Hala, bi eskualdeetan langilegoaren «%90ak baino gehiagok» urtarrilaren 27ko greba orokorrari atxikimendua eman diola zehaztu zuten sindikatuek.
«Dena den, oraindik gehiago hartuko ditugu». Horretarako, orain arte hainbat enpresatan egin duten legez, enpresa komiteekin batuko dira sindikatuak.
Manifestazioak
Urtarrilaren 27rako, bestalde, bi eskualdeetan manifestazio bana deitu dute, Lekeition eta Gernika-Lumon. Eskolapetik aterako da lehena, 18:00etan; eta ordu berean aterako da Gernika-Lumokoa, udaletxe aurretik. Goizean goizetik, gainera, piketeak kalera aterako dira bi eskualdeetan.