2011an Basoen Nazioarteko Urtea ospatu asmoz, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroak 12 hilabete 12 baso ekimena ipiniko du martxan asteburuan. Hilabete bakoitzean baso mota desberdin bat aukeratuko du eta horren inguruko ekintzak antolatuko ditu. Urtarrilean, Artadi Kantauriarra landuko dute, eta horretarako, domekarako eta datorren zapaturako jarduera desberdinak antolatu dituzte. Otsaila, Hariztiari dagokiola azaldu dute, hala ere, oraindik ez dute beste ezer zehaztu. URTARRILEKO EGITARAUA: Domekan. Hegaztientzako kabiak eta jantokiak biotailerra egingo dute. Umeei zuzenduta dago baina nagusien laguntza beharrezkoa izango dela jakinarazi dute. Ondoren, artadi kantauriarrean eskegiko dituzte. Ordua: 16:30eatik 18:30eara. Prezioa: 1 euro. Urtarrilaren 29an. Urdaibaiko basoen biodibertsitatea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu dute. Biologian doktore den Jabi Zabala izango dute gidari. Ordua: 10:00etatik 14:00etara. Ibilbidea: Madariaga Dorretxea, Altamira, Malluku, San Kristobal, Madariaga Dorretxea. Prezioa: doan. Urtarrilaren 29an. Urdaibaiko basoen maketa burutzeko tailer familiarra. 5 urtetik gorako umeei zuzenduta. Ordua: 10:00etatik 14:00etara. Prezioa: 1 euro.
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna etxean da jada. Gaur arratsaldean atera da Basauriko espetxetik, baina baldintzapean eta behin-behinean eman diote etxera joateko baimena. Basauriko kartzelan zegoen, bere bizi baldintzak ez ziren bat ere onak bertan, hainbat osasun arazo baititu. Azken aldian radioterapia tratamendua emateko eramaten zuten Basurtoko ospitalera. Behin etxean, bere mugimenduak kontrolatuko dituen pultsera jarri behar zioten arratsaldean. «Etxetik goizean bakarrik atera daitekeela esan digu alabak, baina oraindik ez zekiten etxetik aldentzeko mugarik zuen edo ez», azaldu du SOS Juanpa plataformako kide Ainara Salazarrek. Minbizia dela eta, radioterapia hartu behar du Dieguezek. Tratamendua jasotzen ari den denbora tartean etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. «Gaur eguerdian deitu diote alabari, Basauriko espetxera joateko. Han esan diote dokumentu bat sinatuz gero aita etxera eroan zezakeela». Etxean eman behar dituen hilabeteak zigorra beteko ez balu legez hartuko ote zioten beldur ziren plataformako kideak, «baina, antza denez, etxean emango duen denbora be kontuan hartuko diote». Etxean, baldintza hobeak Etxean egoteak «on egingo» diola azaldu du Salazarrek. Izan be, plataformako kidea izateaz gain, Juan Pablo Dieguezi jarraipena egin dion medikua be bada. «Egia da radioterapia tratamendua ez dela kimioterapiarena bezain gogorra, baina ondorioak izan ditzake: [...]
Mundakako Haurreskolak martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean hasi gura duten ume horientzako izen-emate epea zabalik du dagoeneko, eta interesa dutenek hilaren 28a, barikua, izango dute horretarako azken eguna. Umeak haurreskolara eroan gura dute...