Baldintzapean, etxean da Juan Pablo Dieguez
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna etxean da jada. Gaur arratsaldean atera da Basauriko espetxetik, baina baldintzapean eta behin-behinean eman diote etxera joateko baimena. Basauriko kartzelan zegoen, bere bizi baldintzak ez ziren bat ere onak bertan, hainbat osasun arazo baititu. Azken aldian radioterapia tratamendua emateko eramaten zuten Basurtoko ospitalera. Behin etxean, bere mugimenduak kontrolatuko dituen pultsera jarri behar zioten arratsaldean. «Etxetik goizean bakarrik atera daitekeela esan digu alabak, baina oraindik ez zekiten etxetik aldentzeko mugarik zuen edo ez», azaldu du SOS Juanpa plataformako kide Ainara Salazarrek. Minbizia dela eta, radioterapia hartu behar du Dieguezek. Tratamendua jasotzen ari den denbora tartean etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. «Gaur eguerdian deitu diote alabari, Basauriko espetxera joateko. Han esan diote dokumentu bat sinatuz gero aita etxera eroan zezakeela». Etxean eman behar dituen hilabeteak zigorra beteko ez balu legez hartuko ote zioten beldur ziren plataformako kideak, «baina, antza denez, etxean emango duen denbora be kontuan hartuko diote». Etxean, baldintza hobeak Etxean egoteak «on egingo» diola azaldu du Salazarrek. Izan be, plataformako kidea izateaz gain, Juan Pablo Dieguezi jarraipena egin dion medikua be bada. «Egia da radioterapia tratamendua ez dela kimioterapiarena bezain gogorra, baina ondorioak izan ditzake: [...]
18/98 auzian kartzelatutako Juan Pablo Dieguez Bermeoko bizilaguna etxean da jada. Gaur arratsaldean atera da Basauriko espetxetik, baina baldintzapean eta behin-behinean eman diote etxera joateko baimena.
Basauriko kartzelan zegoen, bere bizi baldintzak ez ziren bat ere onak bertan, hainbat osasun arazo baititu. Azken aldian radioterapia tratamendua emateko eramaten zuten Basurtoko ospitalera.
Behin etxean, bere mugimenduak kontrolatuko dituen pultsera jarri behar zioten arratsaldean. «Etxetik goizean bakarrik atera daitekeela esan digu alabak, baina oraindik ez zekiten etxetik aldentzeko mugarik zuen edo ez», azaldu du SOS Juanpa plataformako kide Ainara Salazarrek.
Minbizia dela eta, radioterapia hartu behar du Dieguezek. Tratamendua jasotzen ari den denbora tartean etxera bidaltzeko eskaera egin zioten abokatuek espetxe zuzendaritzari, medikuen txostenak aurkeztuz horretarako. «Gaur eguerdian deitu diote alabari, Basauriko espetxera joateko. Han esan diote dokumentu bat sinatuz gero aita etxera eroan zezakeela».
Etxean eman behar dituen hilabeteak zigorra beteko ez balu legez hartuko ote zioten beldur ziren plataformako kideak, «baina, antza denez, etxean emango duen denbora be kontuan hartuko diote».
Etxean, baldintza hobeak
Etxean egoteak «on egingo» diola azaldu du Salazarrek. Izan be, plataformako kidea izateaz gain, Juan Pablo Dieguezi jarraipena egin dion medikua be bada. «Egia da radioterapia tratamendua ez dela kimioterapiarena bezain gogorra, baina ondorioak izan ditzake: kolitisak, izpiak jasotzen dituen inguru horretako inflamazioak… eta beheranzkoak be sor ditzake. Alde horretatik, etxean hobeto egongo da kartzelako ziegan baino». Bestalde, loaren apnea be aipatu du medikuak. «Lo egiteko arnasteko makina behar du, eta horrek botaten duen airea tenperatura egokia izango duela bermatuta du etxean, eta kartzelan ez».