Kapitala burutzen ari den Ongizate Estatuaren kontrako erasoaldiak ez dauka mugarik». Hala dio Euskal Herriko gehiengo sindikalak. «Krisialdiaren aitzakiagaz egin behar duena agintzen dio bankak Europari, eta Estatuek men egiten dute».
2008an aurreratu zuten sindikatuek bankuek eurek sortutako krisiak ondorioak ekarriko lizkiokeela euskal gizarteari, eta hori igarri egin da bai Busturialdean eta baita Lea-Artibain eta Mutrikun be. 2010eko datu zehatzen faltan, 2008 eta 2009 urteen bitartean Busturialdean 1.000 lanpostu galdu direla gogoratu dute sindikatuek, %11, hain zuzen. Lea-Artibain, berriz, denbora tarte berdinean seiehun lanpostu baino gehiago galdu direla azaldu dute, %13a.
Hainbat enpresak be ateak itxi behar izan dituzte, «lanik ez dagoelako»; Gernika-Lumoko Seresnor enpresa, kasurako.
Enpresa txikiengan krisiak gogor jo duela azaldu dute, eta askok lan egiteari utzi behar izan diote, baita tailer batzuek be. Horren adibidetzat jarri dute egurragaz lan egiten zuen Lekeitioko Elorriaga enpresa.
Pentsioak «jomugan»
Enplegua Erregulatzeko Espedienteak (EEE) aurkeztu dituzte bi eskualdeetan beste hainbat enpresak, «eta kaleratzeak izan dira». Gernika-Lumoko Talleres de Gernikan, Foruko Rinderren edota Muxikako Ebakin, esaterako.
«2010eko abuztuan PSOEk eta EAJk adostutako eta aurerra ateratako» lan erreformaren ondorioak direla azaldu du gehiengo sindikalak. «Horren aurka agertu ginen, eta greba oso arrakastatsua egin genuen ekainaren 29an». Madrilen adostutako eta onartutako erreforma horiek ez dute lortu langabezia tasa jaistea, sindikatuek diotenez, eta lana egonkortzea zein lan baldintzak hobetzea be ez dute lortu.
«Orain, krisialdiaren errudunek pentsioen sistema publikoa daukate jomugan». Erretiro adina 67 urteraino luzatu gura dute, pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteen kopurua handitu egin gura dute, pentsioa arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartu gura dituzte kontuan, pentsiodunek hartzen duten diru kopurua murriztu gura dute eta pentsiodunek izan dezaketen eros ahalmena ezabatu gura dute.
«Erreforma honek pentsio sistema publikoagaz amaitzea du helburu, pentsio sistema pribatua bultzatzeko». Izan be –sindikatuen iritziz– Europa osoko instituzioek banketxeek ezarritako bideari «men egiten» diote, «Berdin Gasteizekoak, Iruñekoak, Madrilgoak edo Parisekoak». Hala, erreformen ondorioen erantzule egin dituzte PSOE-PSE, EAJ edota UPN «kapitaldunekin lerrokatu direlako, langileon kalterako».
Botere ekonomikoak eskatu eta botere politikoak gauzatu duen «lapurreta» legez definitu dituzte sindikatuek erreformak. «Historiako lapurretarik handienaren aurrean egon gaitezke. Krisia finantza merkatuek sortu dute; gainera, krisia sortu zutenek dirua eskatu diote gobernuari, eta horrek eman».
Grebarako, denon inplikazioa
Murrizketa horiek langileoi bakarrik ez, gizarte osoari eragiten dietela azaldu dute sindikatuek. «Baina bereziki kaltetuko ditu prekarioen dauden langileak, lanaldi partziala dutenak, sektore feminizatuak, gazteak…».
Abagune horretan, kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU), baita Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun be. Horretarako, greba orokorra deitu dute hilaren 27rako, eta horri begira atxikimenduak batu gura dituzte bi eskualdeetako enpresatan. «Delegatuengana eta enpresa komiteengana joko dugu».
Baina arazoa «ez da langileena bakarrik», horregatik, merkatarien elkarteekin dinamika bat jarri gura dute martxan; hala nola, ikasleekin eta gazteekin.
Herri eragileak be inplikatu gura dituzte hilaren 27ko grebari begira, «eta dagoeneko zehaztu ditugu Gernika-Lumon eta Bermeon egiteko bilera bana».
«Miseriazko etorkizuna»
«Nahikoa» dela esan gura dute, euskal gehiengo sindikalak eraso guzti horiei erantzuten jarraituko duela. «Sorrarazten ari diren miseriazko etorkizuna ez dugulako guretzako nahi». Beste eredu bat eraikitzeko beharra dagoela diote, «eta horretarako oinarriak mahai gainean jarri genituen 2009an, kaleratu genuen dekalogoan».
Eredu ekonomikoak eta sozialak «mundu guztiak pentsio duina» izango duela bermatu behar du, eta horretarako neurriak hartu behar direla diote sindikatuek. «Krisialdi honen ostean ezer ez zela bardina izango mehatxatu gintuzten. Gure esku dago hori lortzea, baina ez euren parametroetan».
Horregatik, benetako aldaketaren alde Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun be «borrokan jarraitzeko» deia egin du gehiengo sindikalak, «beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde borrokan jarraitu behar dugu, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan ez daitezen erabili, baizik eta ekonomia herritarren mesedetan».
Neurri eske
- Enplegua sortu behar da, baina kalitatekoa: Soldata zenbat eta handiagoa orduan eta gehiago kotizatu.
- Gazteak eta emakumeak lan merkatuan sartu behar dira, baina baldintza eta aukera bardinetan.
- Fiskalitate justu eta progresiboa, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezatela eta kapital errentak ez daitezela sarituak izan.
- Euskal langileok gure pentsio sistema erabakitzeko ahalmena eta bitartekoak behar ditugu. Erabakitzeko esparru propioa behar dugu.
Baserritarren pentsioa, 538 eurokoa
Lehen sektoreko gainontzeko lanbideak legez, nekazaritza eta, oro har, baserriaren mundua krisi handi batean murgilduta dagoela azaldu du Bizkaiko EHNE sindikatuko idazkari orokor Ainhoa Iturbek. Onartu gura duten pentsioen erreformak, orain, beraien etorkizunean eragin oso kaltegarria izan dezakeela azaldu du, gainera. «Pentsioa hartu ahal izateko bi urte gehiagoz lan egin beharko dugu, eta azken urteetan gehiago kotizatu beharko dugu».
Lan gehiago egin arren pentsio txikiagoa jasoko luketela dio, gainera. «Ekonomialariek azaldutakoaren arabera,%20an murriztuko litzateke gure pentsioa».
Gaur egun baserritarrek 35 urtez kotizatu behar dute pentsioa jaso ahal izateko; eta erretiratu ostean 538 euro hartzen dituzte hilean. «Hau lapurreta bat da, eta adarjotze bat».
Beraiek egiten duten lanetik bizi gura dutela argi dute EHNEkoek, «hori izan da beti gure filosofia; ekoitzen duguna prezio duin batean saldu ahal izatea».
Ikasleak eta emakumeak
Halan da be, gaur egun kapitalismoak agintzen duela azaldu du Iturbek, eta baserrian ekoitzen dena ez dutela ondo ordaintzen. Lan baldintzak be ez dira izan beharko liratekeen bezain onak.
Arrantza sektorean be hainbat eta hainbat itsasontzik itsasoari irtetzeari utzi diote azken bi urteetan. Arrantzatzen dutenetik ezin bizi, ez laguntzetatik; horiek, gainera, ez dira nahikoak.
«Madrildik inposaturiko» eredua aldatu beharra dagoela diote sindikatuek. «Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu, gure penstio sistema propioa izateko eskubidea dugu». .
Autonomoak, ikasleak, gazteak edota emakumeak erreformaren ondorioak ordainduko dituzten beste sektore batzuk direla azaldu dute. «Ikasleen kasuan, esaterako, jubilazio osoa hartu gura badute 24 urtegaz hasi beharko lirateke lanean», LABeko Aitziber Barandikak azaldu duenez, «eta etenik gabe lan egin beharko lukete erretiroa hartu arte».
Lanaldi osoa ez duten emakumeen kasua aipatudu ELAko Mikel Etxebarriak: «Badira astean hamar ordu bakarrik kotitzatzen dituzten emakumeak».