Ia dena prest dute Gaztelugatxeko San Juaneko boluntarioek datorren eguenean, hilaren 30ean, Gabonetako meza egiteko San Juaneko baselizan. Ohitura bihurtu da egun horretan bertan egiten den meza hori, eta hainbat dira bertara hurbiltzen diren herritar...
Ia dena prest dute Gaztelugatxeko San Juaneko boluntarioek datorren eguenean, hilaren 30ean, Gabonetako meza egiteko San Juaneko baselizan. Ohitura bihurtu da egun horretan bertan egiten den meza hori, eta hainbat dira bertara hurbiltzen diren herritarrak. «Nagusiak zein gazteak hurbiltzen dira, gainera», azaldu du Joseba Fernandez boluntarioak.
Kostako bidea itxita
Urtero legez, 17:00etan emango diote hasiera mezari. Ondoren, bertaratutako guztientzako pintxoak eta txokolatea eta bizkotxoak izango dira.
Azken urteetan gertatu den moduan, aurten be, Bermeotik eta Gaztelugatxeko San Juanera joateko bidea itxita dago. Hortaz, joan gura duten horiek, Sollubetik joan behar izango dutela jakinarazi du Fernandezek. Hori bai, San Juanera jaisteko bidea zabalik egongo da eta autoentzako be zabalik izango dela azaldu du.
Bestalde, hainbatek autoak goiko aldean uzten dutenez, gorantza eta beherantza ibiltzeko autobusa ipintzea pentsatzen ari direla adierazi du Fernandezek, «25 leku dituen autobusa izango litzateke. Baina eguraldiaren arabera izango da».
Halanda be, mezara doazenei laguntzeko prest, urtero legez, babes zibileko langileak bertan izango direla azaldu du Fernandezek.