Gernikaz gain, eskualdea kontuan hartuko duen hauteskunde programa gura du Ortuzarrek
Udal hauteskundeei begira, eskualdeko alkateekin, elkarteekin zein eragileekin batzarrak egiten ari da Gernika-Lumoko EAJ. Gernika-Lumoko Batzokian atzo emandako prentsaurrekoan, herritarren beharrizanetara “estu-estu egokitutako hauteskunde prog...
Udal hauteskundeei begira, eskualdeko alkateekin, elkarteekin zein eragileekin batzarrak egiten ari da Gernika-Lumoko EAJ. Gernika-Lumoko Batzokian atzo emandako prentsaurrekoan, herritarren beharrizanetara “estu-estu egokitutako hauteskunde programa” aurkeztu gura dutela esan zuen EAJren alkategai Luis Ortuzarrek. “Gaur egungo beharrizanak kontuan hartuta, baina etorkizunari begira”.
Eskualdeko EAJren alkateekin eta zinegotziekin bilera egin zuen atzo Ortuzarrek, Gernika-Lumok “gure herritarrei bakarrik ez, eskualde osoko herritarrei” ematen dielako zerbitzua, haren esanetan. Horregatik, inguruko herrietako biztanleen asmoak ere aintzat hartu gura dituztela esan zuen alkategaiak, “Gernika-Lumoko eguneroko bizitzan partaide izan eta izango direlako”.
Eskualdeko biztanleek Gernikak dituen hainbat zerbitzu beharrezko dituztela esan zuen Ortuzarrek: kirol azpiegiturak, hezkuntza zentroak, merkataritza, kultur instalazioak… Izan be, EAJren alkategaiak azaldu zuenez, herri txikiek sarritan ez dute halako azpiegiturak garatzeko aukerarik izaten.
Elkarren beharra
Gernika-Lumoko Udalean EAJko ordezkariek etorkizunean garatuko duten politika “elkarlanean oinarritutakoa” izango dela esan zuen Ortuzarrek atzo. “Aitzindari izanik, eskualde mailako arazoak konponduz”. Esan zuenez, Gernika-Lumoko Udalak hartzen dituen erabakietan ezin die lepoa eman inguruko herrietako biztanleei. “Gernika-Lumok beharrezko ditu zuen udalerrietako herritarrak, eta eurek be beharrezkoa dute Gernika-Lumo”.