Euriak ez du Euskal Jaiaren giroa apaldu
Atzo egindako euriak zenbait aldaketa egitera behartu bazuen ere, Muruetako Euskal Jaia giro «ezin hobean» egin zela azaldu du Jabier Ondarza Muruetako alkateak, eta «oso pozik» daudela gaineratu du. Lagun asko hurbildu ziren, herriko zein inguruko...
Atzo egindako euriak zenbait aldaketa egitera behartu bazuen ere, Muruetako Euskal Jaia giro «ezin hobean» egin zela azaldu du Jabier Ondarza Muruetako alkateak, eta «oso pozik» daudela gaineratu du.
Lagun asko hurbildu ziren, herriko zein inguruko jendea, hain zuzen, eta denak aldaketetara «ondo» erantzun zutela adierazi du.
Eskerrak eman gura izan dizkie laguntzaile moduan izan ziren guztiei, «euren esfortzurik barik ez zelako posible izango». Euriagatik herriko frontoira mugitu beharra izan zuten azoka, eta Busturialdeko herri arteko sokatira txapelketa ere, bertan egin behar izan zuten.
Bertaratutakoek hainbat produktu ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera izan zuten. Izan ere, txerriki produktuez gain, gazta, eztia, euskal pastela eta kontserbak ere izan ziren beste gauza batzuen artean.
Bazkal orduan, 300 lagun inguru bildu ziren eta “itzelezko” giroa izan zela nabarmendu du alkateak.