Bermeoko Udaleko osoko bilkurak 2011. urteko aurrekontuak onartu ditu Eusko Alkartasunaren (EA) aurkako botoekin.
Bermeoko Udaleko osoko bilkurak 2011. urteko aurrekontuak onartu ditu Eusko Alkartasunaren (EA) aurkako botoekin. 19 milioi euroko aurrekontua du datorren urterako Bermeoko Udalak, aurtengoa baino %1,6 gutxiago, hain zuzen. Beste behin ere, «aurrekontu gogorrak» direla nabarmendu zuen Bermeoko alkate Xabier Legarretak. EAk gogor ktitikatu ditu aurten ere Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) egin dituen aurrekontuak. Izan ere, EAren ustez, «datorren urteko aurrekontuak helbururik gabekoak dira eta ez dute oinarririk». EAkoen iritziz, aurrekontua atzera bota beharko litzateke, eta berriro zehaztu.
Zerbitzu guztiak mantendu
Alkatearen esanetan, 2011rako aurrekontuak zehazterakoan bi helburu izan dituzte kontuan. Batetik, gastuen kontrol «zehatza» egitea, eta bestetik, orain arteko zerbitzu guztiak mantentzea. EAren iritziz, dagoen diruarekin zerbitzu guztiak mantentzen badira, «horien kalitate ona ezin izango dute bermatu», horregatik kezka agertu dute.
«Sarrerak piztuta» eta «gastuak murriztuta
«Aurtengo urrira arte izan diren sarrerak kontuan izanik», oposizioaren ustez, Udal gobernuak datorren urtera begira egin dituen aurrekontuetan «sarrerak piztuta» daude, eta gastuak berriz «gutxituta». Hori dela eta, aurrekontua «ez da orekatua» EAren arabera.
Aurrekontuak zehazterakoan helburuetako bat gastuen kontrol zehatza egitea izan dela aipatuta, EAk orain arte «kontrolik ez dela egon» kritikatu du. Gastu arruntetan ia 300.000 euro gutxiago aurreikusi dituzte datorren urtera begira. «Telefono gastuetan %55, argindarran %28, ibilgailuen konponketan %33, aseguruetan %20 eta garbitasun produktuetan %20 gutxiago aurreikusi dute. Hori ez dator bat aurtengo errealitatearekin. Horrez gain, etor daitezkeen zenbait gastu ez dituzte aurreikusi, oraindik langile batzueri ordaindu beharreko %1 edota San Martineko Babes Ofizialeko etxebizitzek ekar litekeena, beste hainbat gauza batzuen artean».
Iaz egin legez, aurten ere «diru eza» izan dezakeen aurrekontua dela kritikatu du EAk. Horregatik, datorren urterako egindako aurrekontua «atzera bota beharko litzatekeela» deritzote.
Bestalde, UEMArako partidarik ez izatea kritikatu dute beste behin ere, EAko ordezkariek.
2011. urterako onartutako aurrekontuetan zehaztutako inbertsioen inguruan, Bermeoko Eusko Alkartasunak inbertsio horietan «Udal gobernuaren helburua zein den ez dela ikusten» kritikatu du.