Elurra ari du eskualdean, eta horrek hainbat arazo sortu ditu. Sollubeko mendatean, esatreako, hainbat auto eta auto gidari harrapatuta geratu dira, eta mendatea itxi egin behar izan dute. Atzo gauean ere bota zuen elurra Bermeon, eta orduan ere autoak errepidean gurutzatuta geratu ziren.
Elantxoben eta Ean ere elurra egin du, baina ez du aparteko arazorik sortu. Kortezubiko eta Gautegiz Arteagako bide bazterrak zuri daudela azaldu dute udaletako arduradunek, baina bideak garbi daudela.
Barnealdean ere elurra
Nabarnizen ere arazo ugari sortu ditu elurrak. Udaletik azaldu dutenez, ia geratu ere egin barik ari da elurra botatzen atzotik. Ondorioz, errepideetan arazoak izan dira, hainbat auto bidean gurutzatuta geratu baitira. Bestetik, zuhaitz batzuetako adarrak ere jausi dira errepideen gainera, horrek ere arazoak sortuz. Elurra kentzeko makina bidali du Aldundiak eta, horrez gain, Udalak duen makinagaz ere beharrean ibili behar izan dira, errepideak erabilgarri uzte aldera. Egoera ikusita, txarrena datozen orduetarako aurreikusten dutela azaldu dute Nabarnizko udaletik. Errigoitin ere atzo gauetik ari du elurra botatzen, eta gatza bota behar izan zuten atzo, gaur goizean arazorik ez sortzeko.
Muxikan, elurra bota arren, arazorik ez dutela izan azaldu dute udal arduradunek. Ereño ere elurtuta dago, eta bidean kontuz ibiltzeko gomendioa egin dute.