Epe luzean antxoa kudeatzeko plana onartu du Europako Parlamentuko osoko bilkurak
Europako Batasunaren erakundeetan blokeatuta egon den epe luzean Bizkaiko Golkoan antxoa kudeatzeko plana onartu du Europako Parlamentuaren osoko bilkurak. Plan horrek hainbat hilabete daramatza blokeatuta desberdintasunak zeudelako Batzordearen eta Ko...
Europako Batasunaren erakundeetan blokeatuta egon den epe luzean Bizkaiko Golkoan antxoa kudeatzeko plana onartu du Europako Parlamentuaren osoko bilkurak. Plan horrek hainbat hilabete daramatza blokeatuta desberdintasunak zeudelako Batzordearen eta Kontseiluaren artean.
Berritasun nagusi bat du berriki onartu duten txostenak. Aurrerantzean, Bizkaiko Golkoan antxoa harrapatu ahal izango den jakiteko formula matematiko bat erabiliko dute. Datu zientifiko horiek finkatuko dituzte harrapaketa kuotak, eta ez erabaki politiko batek orain arte egin bezala.
Izaskun Bilbao europarlamentaria izan da txostengilea, eta txostenaren aurkako jarrera aurkeztu bazuen ere, «baietza» emango ziola adierazi zuen sektoreak. Bere esanetan «premiazkoa delako plan hori, jarduera errentagarri bat egin ahal izateko harrapaketa kalak arriskuan ipini barik».
Negoziatzen hasteko eskaera
Bai Bilbaok eta baita PPko eta PSOEko europarlamentariek ere Europako Batasuneko Batzordeari eta Kontseiluari eskatu diote osoko bilkuran onartutakoa errespetatu dezatela, eta proiektuak aurrera egin ahal izateko negoziatzen has daitezela.
Txostenak aurkezten duen beste ideietako bat harrapaketa kuotak ezartzeko datak aldatzea da. Horrela, harrapaketa kuotak ekainean onartuko lituzkete eta ez abenduan orain arte egin duten moduan.