Hemeretzi milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Bermeoko Udalak
Bermeoko Udalak 2011rako aurrekontuak aurkeztu ditu, 19.018.762,12 eurokoa. Datorren urtean, beraz, aurten baino diru gutxiago izango du Udalak; %1,6 gutxiago, hain zuzen. «Aurtengoekin jarraituz, aurrekontu gogorrak izango dira beste behin ere», azaldu du Bermeoko alkate Xabier Legarretak.
- Nestor Basterretxea aretoko eserlekuak aldatzeko: 30.000 euro. Aspaldidanik duten eskaera bat dela esan du Legarretak, «erosoak ez direlako».
- Argi publikoetarako inbertsioak: 50.000 euro.
- Jolasgune berri bi egiteko: 130.000 euro. Eskaera handia egoten delako. Ziurrenik, inauguratu berri den Artike enparantzan ipiniko dute bat, eta bestea Kurtzio kalean, igogailu parean dagoen plazatxoan.
- Herri barruko kale eta guneen berriztapenarako. 425.000 euro.
- Kontserben museoaren lanak egiteko: 100.000 euro. Ormaza fabrika izandakoan kontserbaren museoa egiteko lanak hastea aurreikusita dago. Lehenengo faseko lanak izango litzateke. Jaurlaritzara ere diru-laguntzak eskatu dituztela azaldu du alkateak.
- Auzoetako bideetan konponketak egiteko: 150.000 euro.
- Bermibusa: 100.000 euro. Aurton martxan ipini duten zerbitzuak datu onak izan dituela kontuan izanik, asmoa zerbitzua handitzea da.
- Kiroldegiko inbertsioak; 245.000 euro. Larrialdietarako eskailerak egiteko bideratuko dute zatirik handiena eta bestea material berria erosteko.