Mobilizazioak zehazteko batuko da bihar Inamako enpresa komitea
Eusko Jaurlaritzak batzarra egiteko eskaera onartu arte mobilizazioak egingo ditu Inamako enpresa komiteak. Hala jakinarazi du David Palacios bozeramaleak. Mobilizazio horiek zehazteko bihar bertan egingo dute batzarra. Langileak pairatzen ari diren eg...
Eusko Jaurlaritzak batzarra egiteko eskaera onartu arte mobilizazioak egingo ditu Inamako enpresa komiteak. Hala jakinarazi du David Palacios bozeramaleak. Mobilizazio horiek zehazteko bihar bertan egingo dute batzarra. Langileak pairatzen ari diren egoera “jasangaitza” kontuan hartzeko eta irtenbideak bilatzeko batzartu gura dute Ingurumen sailarekin.
Ingurumen legedia
Muxikako lantegiak legedia betetzen ez duelaren jakitun direla aitortu du Palaciosek, «baina bitartean erdibideko aterabideak gura ditugu». Enpresak Ingurumen Legea bete dezan nahi dute langileek, baina baita lanpostuak mantentzea ere. Izan ere, barikuan eman zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, langileen egoera jasangaitza da, hainbat lanpostu «kolokan» daudelako.
Hala, hainbat eskakizun egin zituzten, «160 lanpostu zuzen eta 600 lanpostu ez-zuzenetik gora ez galtzeko». Enpresari Ingurumen Legea betetzeko exijitu zioten, eta Jaurlaritzari zein Foru Aldundiari arazoari «seriotasunez» heltzeko eskatu zieten.
Aldundiagaz batzarra
Bizkaiko Foru Aldundiagaz gaur bertan batu dira enpresa komiteko ordezkariak. Ezer zehaztu ez duten arren, batzarretik baikor atera ziren Inamako langileak. “Enpresa lekuz aldatzen badute Aldundiak hori babestuko lukeela esan digute”, esan du Palaciosek. Dena den, azken erabakia Jaurlaritzak du, eta “hark gauza bera erantzun digu beti; hots, Muxikako industriagunea %70ean bete arte ez dutela beste industriagunerik bultzatuko”.