Izaskun Garcia muxikarrak Araskin jarraituko du
Gasteizko taldeagaz bi denboraldirako kontratua sinatu du.
Izaskun Garcia joko antolatzaile muxikarrak beste bi denboraldirako akordioa lortu du Araski klub gasteiztarragaz. 2020-2021 denboraldian laugarren denboraldia beteko du talde arabarrean.
Aurreko denboraldiko sentsazio onak berreskuratzeko gogotsu dago: “Aurreko denboraldia hain arraro amaitu genuen. Era txarrean, baina gustura amaitu genuen eta maila oso altuagaz. Berriro ekiteko gogoz egon gara talde osoa, eta aurreko denboraldiko bloketik zazpik kontratua berritu eta jarraitzen dugu”. Eduki dituen eskaintzen artean, etxetik hurbilen dagoen taldea izateak ere eragin du bere erabakian: “Eta oso gustura nago hemen, etxetik hurbil. Oso pozik nago”.
Egun Emakumezkoen Ligan dagoen maila ikusita, lehen helburua mailari eustea izango dela dio, eta partidu guztiak “oso gogorrak eta oso gaitzak” izango direla uste du: “Lehen itzulian ahalik eta partidu gehien irabazi eta ea mailari eustea bermatzen dugun. Hortik aurrera, maila mantentzea ziurtatu eta gero, ikusiko da zelan doan liga, eta ea tituluren bat lortun ahal badugu, edo behintzat finalen batera heldu”. Pertsonalki, orain arte moduan, jokalari moduan “urtero-urtero hazten jarraitzeko” helburua dauka, eta batez ere gozatzen segitzea.
Ligagaz hasi aurretik, denboraldi-aurre berezia egin beharko dute, eta muxikarrak zehaztu du “inoiz baino arinago” hasiko direla. Talde osoa osatuta, abuztuaren erdialdera hasiko dute denboraldi-aurrea: “Denboraldi aurre horretara sasoian heltzeko entrenatzen ari gara. Orain hurbilekoak elkarregaz entrenatzen ari gara, eta bakarkako lanak ere bidaltzen dizkigute”.