Abade, kazetari, irakasle, poliziak... Jone Amezaga kartzeleratzearen kontra

Jone Amezaga espetxeratzeko ebazpena bertabn behera uzteko eskatu dute hainbat lagunek azken orduetan; tartean, izen ezagunak eta gizartearen arlo ezberdinak ordezkatzen dituztenak. Besteak beste, zenbait udaltzainek eta ertzainen batek ere eman du zab...

Jone Amezaga espetxeratzeko ebazpena bertabn behera uzteko eskatu dute hainbat lagunek azken orduetan; tartean, izen ezagunak eta gizartearen arlo ezberdinak ordezkatzen dituztenak. Besteak beste, zenbait udaltzainek eta ertzainen batek ere eman du zabaldu duten testuarekiko atxikimendua. Mikel Azpeitia eta Joseba Iturbe abadeek, EHUko irakasle Jose Ramon Bilbao eta Jose Ramon Diezek, Xabier Enbeita bertsolariak, Onintza Enbeita Amaiurko diputatuak, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusigaia den Josu Unanuek, Amaia Uribe kazetariak, Gernika-Lumoko udal euskaltegiko zuzendai Jaione Iturbek, Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendari Rikardo Abaunzak, Egoitz Martitegi medikuak, Gernikako Marijesietako bakarlari Denis Azkaratek edota alkateak agertu dira, besteak beste, Amezagari ezarritako zigorraren aurka. Azken urteetan Euskal Herrian bake haizeak zabaltzen ari direla diote, eta ETAren behin betiko su-etenak eszenario berri bat ireki duela. «Ondorioz, zauria itxi eta sendatzeko garaia den heinean, zauriaren jatorriari heltzeko sasoia ere bada», diote.

Beste garai batzuetarako eraikitako «errezetak» gaur egun ez dutela balio haien ustean; hori dela eta, salbuespeneko legeak bertan behera uzteko eskatu dute.

«Bidegabekeria»

Pankarta bat jartzeagatik pertsona bat kartzelara bidaltzea ulertezina zaie atxikimendua eman dutenei: «Etorkizunerako oinarriak ezin ditugu bidegabekeria honen gainean eraiki».

Espetxea zigorretan gogorrena dela diote sinatzaileek, eta bere erabilera ondo neurtu behar dela. «Nola azalduko diogu euskal jendarteari, munduari, bakearen hirian pankarta bat jartzeagatik neska gazte bat atxilotu eta espetxeratu egin dutela», galdegin dute.

Udalen babesa

Eskualdeko hainbat udalek ere ildo beretik doan testua onartu dute azken egunetan. Arrazoi berak argudiatuta, Jone Amezagaren kontra Ertzaintzak aurkeztutako txostena kontuan ez izateko eta atzera bota dezatela eskatu dute. Eak, Ajangizek, Nabarnizek (EAJren botoekin), Busturiak eta Gernika-Lumok (bi horiek EAJren abstentzioarekin) sinatu dute oraingoz, baita agintea EAJk duen Kortezubiko eta Errigoitiko udalek ere.

Amezaga bera Errigoitikoa da eta, jakinarazi dutenez, herriko alkatea bera Iñaki Madariaga Amezagaren familiarengana joan da, elkartasuna adierazi eta bere babesa eskaintzeko.