Korrikarekin bat egin dute txikienek ere
Eguraldi kaxkarragatik, Bermeon ikastolako DBHko ikasleek bakarrik egin dute korrika
Hemeretzigarren Korrikarekin bat egin dute ikastetxeetako umeek ere. 10:30ean hasi dira Gernika-Lumon. Seber Altube ikastola izan da lehena lekukoa hartzen eta, ibilbidean zehar, lekukoa eskuz esku eta eskolaz eskola ibili da Gernikako kaleetan. Foru plazan eman diote hasiera, eta bertan amaitu. Bukatutakoan, bertsoak kantatu dituzte ikastetxeetako ikasleek.
Bermeon ere 10:30ean hasi dute Korrika Txikia, baina, euria zela medio, Eleizalde ikastolako DBHko ikasle batzuk bakarrik egin dute. Mundakan ere gaur egingo dute Korrika txikia. 15:00etan hasita, eskolatik Txorrokopuntara joango dira, handik Talara, Arraun Elkartera eta plazan amaituko dute.