Bizkaiko Liga irabazita, Eukadiko Ligara igotzeko fasea lehiatuko du Urdaibai Eskubaloi Taldeak
Asteburu honetan Bermeoko Araneko Kiroldegian jokatuko dituzte partiduak. Igoera lortzea da etxeko taldearen helburua.
Urdaibai ETko gazte mailako taldeak erronka garrantzitsua dauka asteburu honetan. Aurreko asteburuan, A4ko finala irabazita, Bizkaiko txapeldun izatea lortu zuten, eta oraingoan Euskadiko Liga lehiatzeko txartela eskuratu gura dute.
Bizkaiko Ligaren azken fasea jokatu zuten zapatuan eta domekan. Atletico Basauri eta Loiola taldeen arteko norgehiagokagaz hasi zuten zapatuko jardunaldia, Bermeoko Araneko kiroldegian. Jarraian, etxeko taldea eta Urdaneta taldeek jokatu zuten elkarren kontra; 30-22 irabazi zuen finalaurrekoa. Hala, Basauriko eta Busturialdeko taldeak sailkatu ziren domekako finalera. Etxekoak 22-24ko emaitzagaz nagusitu ziren.
Aurreko asteburuan kiroldegia bete zela-eta, asteburu honetan ere herritarren babesa espero dute klubeko arduradunek. “Aurrekoan moduan, ea oraingo honetan ere jendez betetzen den. Lehen helburua hona ailegatzea zen, eta orain igotzea da helburua. Lehenengo bi sailkatuak igoko dira Euskadiko Ligara”, azaldu du Iker Romerok.
Lau talde egongo dira Bermeoko kiroldegian, etxeko taldeagaz batera, Gasteizko Gure Auzune, Zumaiako Txikixa Tab. Pulpo eta Irungo Bidasoa Irungo ariko dira mailaz igotzeko txartelaren bila. Denek denen kontra jokatuko dute, eta domekan argituko da zein bi taldek lortzen duten mailaz igotzea. Urdaibai ETko mutil gazteek orain dela bi urte lortu zuten Euskal Liga jokatzeko txartela eta iaz mailaz jaitsi ziren. “Orain bueltatzeko aukera eta esperantza daukagu”.
PARTIDUEN ORDUTEGIA:
BARIKUA:
- 18:45: Urdaibai Isabel – Txikixa Tab. Pulpo
- 20:30: Bidasoa Irun – Gure Auzune
ZAPATUA:
- 10:30. Txikixa Tab. Pulpo – Bidasoa Irun
- 12:30. Urdaibai Isabel – Gure Auzune
DOMEKA:
- 10:30. Gure Auzune – Txikixa Tab. Pulpo
- 12:30. Bidasoa Irun – Urdaibai Isabel