Hernani nagusitu da Landare Tokiko derbian

Hernani CREk 35-27 irabazi zion Gernika RTri atzo eguerdian. Hernaniarrek sailkapenean gora egitea lortu dute, zortzigarren daude, 16 puntugaz. Basurdeak, aldiz, azken aurreko postuan daude, 11 puntugaz.

Bi taldeak sailkapenaren behekaldean egonda, puntuak lortzea ezinbestekoa zuten. Baina, hori baino gehiago zegoen jokoan: Errege Kopako finalerdietara sailkatzeko txartela.

Talde gernikarra presio lerro sendoagaz sartu zen partiduan, eta ondorioz, hasierako minutuetan etxekoak euren zelaian sartuta egotea lortu zuten. Hasierako minutuetako nagusitasuna berehala islatu zuten markagailuan. Santiago Viañak entsegua egin, eta Matias Frutosek transformatu zuen (0-7). Hernaniko jokalariek, partiduaren kontrola bereganatzeko ahaleginean, jokoa hobetu zuten, baina, gernikarrek beste hiru puntu eskuratu zituzten zigor kolpe batean.

Hamar puntuko aldeagaz zeudela, erasoko jokaldi on batean heldu zen etxeko taldearen lehen

gernika hernani

Argazkia: Anuar Gomez.

entsegua (5-10). Hurrengo minutuetan bi taldeek dena eman zuten erasoan; lehia polita ikusi zen Landare Tokin. Frutosek beste gaztigu ostiko batekin errenta handitu zuen: 5-13. Basurdeen presioak eragina izan zuen, eta etxekoak jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren lehen zatia amaitzear zela. Hala ere, hernaniarren helburua garaipena lortzea zen, eta horretarako markagailua berdindu behar zuten lehenengo. Zeregin horretan ez zuten amore eman, eta lehen zatia amaitu aurretik beste hiru puntu eskuratu zituzten, zigor kolpe batekin.

8-13ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hastean, ildo beretik jarraitu zuen partiduak. Baina, basurdeen defentsako hutsegite bat ondo aprobetxatu zuten etxekoek, eta euren bigarren entsegua eginez, markagailua irauli zuten. Ondoren, Hernaniren erasoko jokaldi batean, Gernika RTko Imanol Zelayak txartel horia ikusi zuen, eta etxeko taldeak errenta handitu zuen beste hiru punturi esker: 18-13. Gipuzkoarrak euren momenturik onenean zeuden, eta basurdeak ezinean zebiltzan; asmatu ezinik. Orduan, etxekoek beste entsegu bat egin zuten. Berriro partiduan sartzeko borrokatu ziren basurdeak, baina, hernaniarrek euren errenta ondo kudeatu zuten, eta erasoko jokaldiak aprobetxatu zituzten. Gauzak horrela, etxeko taldeak beste entsegu bat egin zuen.

Ia 20 puntuko aldeari buelta ematea erraza ez izan arren, basurdeek euren kemena erakutsi zuten partiduko azken minutuetan. Euren bertsiorik onena agerian utziz borrokatu zuten. Viañak entsegua egin zuen. Jarraian, gaztigu ostiko bategaz Hernanik beste hiru puntu bildu zituen. Hala ere, borroka ez zen amaitu eta lehia bizia ikusi zen partidu amaieran. Viañak erakustaldaia emanez, entsegu ederragaz borobildu zuen bere partidua. Jokaldi ikusgarria egin zuen, daukan azkartasuna, trebezia eta bizitasuna agerian utziz. Frutosek transformatu egin zuen, baina, zortzi puntuko aldeagaz amaitu zuten derbia.

Hurrengoa, etxean. Heineken Ligaren 8. jardunaldia Urbietan lehiatuko du talde gernikarrak, zapatuan (16:00). VRAC Quesos Entrepinares aurkari indartsuaren kontra, denboraldi honetako hirugarren garaipena eskuratzeko gogor borrokatu beharko dira. Valladolideko taldea sailkapenaren bigarren postuan dago, 24 puntugaz (SilverStorm El Salvadorregaz puntutan berdinduta). Sanitas Alcobendas Rugby dago lider, 28 puntugaz.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend