Biolentzia patriarkalaren edozein motatako erasoen aurrean babesa eta laguntza emateko Brigada Moriek egongo dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Hau da,
erasotuei babes emozionala eta aholkularitza praktikoa eskaintzeko autodefentsa sarea sortu dute.
Beraz,
emakumeen aurkako zein eraso transfobo edo homofoborik balego, brigadistengana jo ahalko lukete laguntza jasotzeko. Horixe da Brigada Morien helburu nagusia, baita, horregaz batera, espazio aske eta segurua aldarrikatzea ere.
Bermeoko Mugimendu Feministak (Norez, Sorginorratz eta Erroxape) Bermeoko Udalaren laguntza dauka. Hasierako asmoa gorpuzteko, beste herri batzuetako esperientziak bertatik bertara ezagutu dituzte: “Mungian Ibilaldian antzeko zer edo zer egin zuten, Gernika-Lumon 24 orduko telefono zenbaki bat jarri zuten, eta Ondarroako, Pasaiako eta Zornotzako ereduak ere aztertu ditugu”. Aipatu herritarrekin berba egin, eta dokumentazioa igorri zieten. Ereduak ikusita, euren propioa sortu dute.
[IKUSI HEMEN JAIEN EGITARAUA]
Boluntario lanetan aritzeko deialdia zabaldu zuten herrian, eta
38 pertsonak izena eman zuten. Lehen aldia izateko kopuru polita dela uste dute, eta profil oso desberdinetako neskak animatzea garrantzitsutzat jo dute. “Izena eman duen jendea oso anitza da; ez da berez sare feministan sartutakoa, edo mugimendu feministan egondakoa. Gazte pila bat dago, eta poztekoa da. Kartel baten bitartez brigada bat zer den eta brigadista baten lana zein izango den azaltzea oso gaitza da. Eta jakin barik oso ondo zertara datozen izena eman, eta formakuntzara etorri dira; konprometitu egin dira”.
Izena eman dutenek formakuntza jaso dute, eta zelan jardun behar duten zehazteko barne protokoloa prestatu du Bermeoko Mugimendu Feministak: “Zelako harrera eman, egoera bakoitza zelan bideratu eta abar zehazten da bertan. Autodefentsa feministaren ikuspegitik sortutako protokoloa da”. Gainera, Ertzaintzagaz, Udaltzaingoagaz eta udalagaz batu zirela azaldu dute, euren barne protokoloak ezagutzeko.
Argazkia: Txo!snak eta alabatxinak.
Zapi moredun boluntarioak. Gaur hasi eta irailaren 16ra arte, egun guztietan egongo dira Brigada Moriek, egunez zein gauez. “Izan liteke goizeren batean inor egon ezin izatea, baina batik bat gau guztietan txosnagunean zein herrian zehar egotea bermatu nahi dugu”.
Boluntarioak zapi more handiekin egongo dira, bakoitza bere giroan, bere lagunartean. Aldi berean, txosnagunea puntu finkoa izatea gura dute.
Txosna txanda guztietan brigadista bat egotea da asmoa, eta zein egunetan nor egongo den zehazteko, txandak egin dituzte. “Denetan ezin bada, behintzat, gaueko tarte jendetsuenetan”.
Brigada Morietatik haratago, orain arte moduan, erasoen aurrean erantzun sozial edo kolektiboa, salaketa soziala egongo dela argi utzi dute. “Erasoak beti egon dira. Azken bi urteetan erantzuna indartsuagoa izan dela uste dugu eta erasoek ikusgaitasun handiagoa hartu dutela”.
Formakuntza. Aditu batek gidatuta, abuztuaren 28an egin zuten formakuntza saioa, arlo teorikoa eta praktikoa landuta. Erasoak identifikatzen ikasteko eta oinarri teoriko batzuk barneratzeko balio izan zien. “Patriarkatua zer den, eraso sexistak zeintzuk diren eta zelan identifikatu, babestu… Zenbait giltzarri eta aholku praktiko eman zizkigun”.
Adibidez, eraso motaren larritasunaren arabera polizialki bideratu edo ez azaldu zieten: “Bortxaketa bat badago, ez garbitzeko, arroparik ez aldatzeko… Gauza oso zehatzak eta orokorragoak azaldu zizkigun. Adibidez, eraso bat izan ahal da iraindu edo mespresatu egin dutela, eta horietan ez da larrialdi zerbitzuetara joko, baina beste era baterako arreta emango dugu”.
[IKUSI HEMEN JAIEN EGITARAUA]
Hala ere, nabarmendu dute
erasotua izan den pertsonak erabakiko duela zein bide hartu. Eurek laguntza, informazioa eta aholkuak emango dituzte. “Guk zein bitarteko dauden esan eta haien artean berak erabaki behar du zer egin nahi duen”.
Lehen urtea da, eta
jarraipena izango duela argi dute. Ikusiko dute hurrengoan formatu berari eutsi edo bestelako zerbait egin. Aurtengo esperientziatik ikasi, eta zer aldatu edo hobetu aztertuko dute. “Gure espazioa dela, eta parrandan ondo pasatuko dugula aldarrikatzen dugu. Eta edozer gertatuz gero, arreta emango zaiola”.
*ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Badatoz Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak
Kuadrillen Lehia antolatu du Txosna Batzordeak
Andra Mari eta Santa Eufemia Jaien egitaraua