‘Gu be zuek gara’ elkartasun olatuak urdinez jantzi du Gernika-Lumo

Elkartasun olatuak urdinez jantzi ditu Gernika-Lumoko kaleak gaurkoan. Ehunka herritarrek bat egin dute Gu be zuek gara maratoi solidarioagaz.

Minbizia izan dute gazteek ebaki dute zinta

Minbizia izan dute gazteek ebaki dute zinta

Une hunkigarriagaz hasi da aurtengo elkartasun jaialdia; izan ere, leuzemia pasatu duten eta ospitalean ezagutu ziren bost gaztetxok eman baitiote hasiera ekitaldiari: “Ospitalean ezagutu ginen leuzemia pasatu dugulako; eskerrak eman nahi dizkizuegu gaurko ekitaldian parte hartzeagatik. Ospitalean dauden haur guztientzako oso garrantzitsua da gure laguntza”. Hitz horiek esanda, eta “ondo pasatzeko” gonbidapena eginda, elkartasun jaialdiari hasiera eman diote; lasterketaren irteeran zegoen zinta moztu dute-eta.

Haurren minbiziaren ikerketarako eta hezur muinaren dohaintzari zabalkundea emateko jaialdi solidarioa da bigarrenez udalerrian ospatu dena. Hain zuzen ere, aurtengo elkartasun maratoiaren helburua tratamendu onkologikoan dauden haur eta nerabeentzat, eta familientzat Barakaldoko Gurutzea auzoan arnasgune izango den itxarongela bat egokitzea da.

Gernikarrek zein udalerriko inguruko bizilagunek ez dute hutsik egin gura izan, eta elkartasunak ez duela mugarik agerian geratu da.

Beste urte batez, tonbola solidarioak jendetza batu du. Herriko merkatariek, norbanakoek, ikastetxeek zein enpresek emandako askotariko produktuak jarri dituzte bertan, eta herritarren parte hartzea nabarmena izan da.

500 metroko lasterketa

500 metroko lasterketa

Jai giroa. Goizetik nagusitu da jai giroa Pasealekuan eta inguruko kale zein tabernetan. 10:00etan Segundo Olaeta musika eskolakoek girotu dute giroa; lasterketa baino lehen berotzeko balio izan du honek.

Minbiziagatik ospitalean ezagututako bost haurrek zinta moztu dute, eta horren ostean, 5 kilometroko lasterketa burutu dute haur, gazte zein nagusiek. Bakoitzak bere erritmoa mantenduz, eta poztasunez eta elkartasunanez beteta Pasealekuan bukatu dute Merkurion hasi den lasterketa. 5 kilometroko lasterketaren ostean, 500 metroko lasterketaren txanda izan da.

Gero, tailer, puzgarri eta jolasetan dibertitu dira umeak, eta jateko, paella solidarioa dastatzeko aukera egon da.

Pasealekuko giroa

Pasealekuko giroa

Umeek jolastu bitartean, Oxabi erromeriaren kontzertua hasi da, eta Pasealekua girotzen aritu da hainbat orduz; erromerietako abesti ezagunak entzuteko eta horiekin dantza egiteko aukera eduki dute bertaratutakoek. Kantaz kanta, gainera, Euskal Herriko toki ezberdinetako abeslari ezagunak igo dira eszenatokira, eta beraien elkartasuna adierazi dute; tartean Dientes de Lunako taldekideak eta Gatibuko Haimar Arejita eta Alex Sardui.

Olatuz olatu marea urdina bihurtu da Gernika-Lumoko Pasealekua; elkartasunaren lekuko. Minbizia duten haurrentzako eta familientzako arnasgunea egin gura dute La Cuadri del Hospi taldekoek, eta gaur, proiektu hori burutzeko gogoa herrian badagoela argi geratu da.

ARGAZKI GALERIA ikusteko sakatu hemen.

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend