Herriagaz eta nortasunagaz harro

‘Eztauelako Bermiolakorik’ bideoan itsasoak markatutako bermeotarren nortasuna eta transmisioa uztartu ditu Arriguriko lantaldeak

“Hau ezanda guretzako bizimodue. Etxekuek aurrera eitzeko, etxie atzien itzitzie”. Bada bizimoduetan aldaketarik, baina bada bermeotarren nortasunean bizirik mantendu denik. Toki bakoitzak dauka bere nortasuna, pertsona bakoitzak ere berea. Bermeotarrei ezin ukatu halakorik; ezin gutxietsi beraien identitate berezirik.

Beste hainbat herritan legez, Bermeon ere, denboraren joan-etorriak utzi ditu diferentziak: utzi ditu lehengoaren eta geroaren arteko desberdintasunak. Ezin alderatu gaurko eta atzoko bizimoduak; ezin ahaztu geroa eraiki duen lehena.

Sarri askotan gogora ekartzen dute bermeotarren nortasuna bizirik mantendu duen bizimodua; maiatzeko hitzordu berezian, esaterako. Arrain Azokaren ataria baliatu du, hain zuzen, Arriguri Euskal Sortzaile taldeak horri garrantzia emateko. Bermeo, arrantza eta belaunaldien arteko transmisioa batu, eta Eztauela Bermiolakorik ikus-entzunezko lana kaleratu du.

Harro dira bermeotarrak, harro dago Bermeo; harro egin dutenaz eta direnaz. Eta erakutsi dute bata besteagaz lotzeko ez dela ez kate ez sokaren beharrik; existitzen dela lokarri hoberik: hizkuntza, kultura, bizimodua… Arrantza, esaterako, bermeotarren txikota.

Lan arrakastatsua

Bideoa jende askorengana zabaldu da egun gutxitan, eta arrakasta handia izan du. Pozik daude Xabier Ojinaga eta Asier Rementeria Arriguri taldeko bermeotarrak. “Komentario asko heldu zaizkigu edo ikusi ditugu: etxean gordetzeko moduko bideoa dela, Bermeori egindako oda dela…”.

Proposamenak egiteko eta proiektua garatzeko askatasun osoa eduki dute. Eta horregatik gustatzen zaie Arrain Azokarako lan egitea. Proposamen artistikoa aurrera eramaten uzteagatik, Arrain Azoka Elkarteari zein udalari eurengan izandako konfiantza eskertu diete, bai eta bideoa egitea posible egin duten laguntzaile guztiei, tartean, Bermeoko Erraldoien Konpartsari.

arrainazokabideo

Argazkia: Arriguri.

Arrantza mundua eta arrantzaleen familietan bizi izan dutena eta bizi dutena islatu dute. Bermeoko etxe denetan belaunaldiz belaunaldi barneratu dituzten sentimenduak erakusten ditu ikus entzunezko lanak. “Barruraino ailegatzen” den bideoa egin dute. Arrantza mundua umeen ikuspegitik kontatzen duen narrazioa da zelanbait. Ipuin forman aurkeztuta, bermeotar umeen ikarak islatzen ditu. Sentimenduetara jo dute.

Testua giltzarria izan dela diote; lana borobildu duen elementu garrantzitsua izan da. Lehenengotik teknikoki zelan egin nahi zuten argi izan zuten, eta sormen prozesuan, ideiak batu eta forma hartzen joan zen, ideia borobiltzen. “Azken unera arte ez genekien zelan geratuko zen; guretzat ere ezustekoa izan da”.

Grabaketa

Hiru asteko lanaren emaitza da Eztauela Bermiolakorik. Grabaketetan esperientzia daukate, baina oraingoa berezia izan da zentzu askotan. Esaterako, itsasora irtetzeko bapora lortzea kostatu zitzaien, eta hori giltzarria zen istoriorako. “Xabier Batiz gure lagunak salbatu gintuen, osabaren bapora utzita”.

Produkzioa eurentzat erronka bat izan dela nabarmendu dute. Etxekoek etxekoentzat egindako lana da, mimo handiz, gustura egindakoa.

Azken hilabetean egin dute. Lehen egunean erraldoien irudiak filmatu zituzten. Bi egun egin zituzten itsasontziko irudiak hartzen. Ontzi txiki batean ere itsasoratu ziren egunsentia grabatzeko. Eta beste egun batean hartu zituzten aitona eta bilobaren ezkaratzeko irudiak.

Arrain Azokara joateko gonbitea ere luzatzen du bideoak. “Artezak, trabezekuek, okazientiek, bidxotz onekuek, moso merkiek, otabarra baino ligorrauek, jantxakurrek, legoiek, zietzak eta trentin bakuek…”. Bertan dioen legez, “itsosuek batu gaitzuz” eta “ume-umetarik esan dozkuie itsosuri ez datzola emon bihar leporik, eta errezoie, ze ezindxu ezkutuen okin hain handi ein gaitzuzen hori”.

*ALBISTE HONEKIN LOTUTA:

24. Arrain Azoka [EGITARAUAGAZ]

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend