UEMAK EGINDAKO IKERKETAREN PROPOSAMENAK
- Euskaltzaleak bildu eta trinkotzea. Herrian izatez badagoen herri-gogoari heldu behar zaio, hori izango baita etorkizuneko aldaketa ematen lagunduko duen motorra
- Erabileran eragiten duten faktoreak askotarikoak dira eta horien ardura ez dago Euskara Sailaren esku soilik. Horrenbestez, politika publiko guztietan euskara erdigunean jarri behar da, udaleko hainbat sailetan plangintzak diseinatzen direnean.
- Herriko talde eragileak, izan kulturakoak, kirol arlokoak, aisialdikoak, gazte taldeak… indartu eta sustatzea, egiten duten lana nabarmenduz, beraien plangintza gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta bestelakoak emanez, elkarteen arteko sarea indartuz.
- Gazte talde erreferenteak indartzea, euskararentzat positiboak izango diren gazte taldeak sortzea eta dagoeneko martxan daudenei indarra ematea
- Gazteentzat eredu izan daitezkeen pertsonekin edota talde erreferenteekin lana egitea. Kirola aipatu da gune estrategiko moduan, futbola, batez ere. Bada, kirolaren bueltan dabiltzanak ahalduntzea eta euskararen aldeko eragile bihurtzea estrategikoa da.
- Turismoa ere kontuan izatekoa da. Gai honek hausnarketa merezi du, sustatuko den turismoak herriko balioak eta hizkuntza kontuan hartu behar dituelako.
- Euskal identitatearen transmisioan egon den etena askotan aipatu den gaia izan da. Haurren sozializazioan eragiten duten agente guztiak inplikatu behar dira egiteko honetan, lan guztia familiaren esku utzi gabe. Etxetik hasi, eta gainontzeko eragileetan ere lana egin behar da, eskoletan eta aisialdiko taldeetan, esaterako.
- Herri hizkerari balioa ematea ere lehentasunezko neurrietako bat da. Bermeok herri hizkera bereizia duen arren, ez da nabarmena herritarrak horren jabe direnik.
- Euskararen erabilera areagotzeko azken gakoa norbanakoak euskararen aldeko hautua egitea lortzea da. Horretarako, motibatuta dagoen herritar taldea indartzea eta prestigioa ematea garrantzitsua da. Bide horretan, 2018rako planteatuta dagoen Euskarak 365 egun egitasmoa Bermeon ere egiteak garrantzia izango du. Herriko harreman sareak euskaraz izan daitezen bidea egiten lagundu dezake.
- Herritik bertatik euskararen zabalpenean egiten den lana kontuan izatea.
- Etorkinak euskarara erakartzeko plangintza zehatza egin beharra dago.
- Herri hizkera zaintzeko eta balioan jartzea, eredu egokiak eskainita. Dena den, kalitatearen gaiari lotuta, kontuan izan behar da hizkuntza batek, bizia denean, berezkoa duela garapena eta aldaketa, eta horri bide eman behar zaio.