Mundu bat bertso ikasgeletan, eta ikasleen mundua bertsotan. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik,
Mundu bat bertso izeneko
proiektua landuko dute ikastetxeetan aurten ere.
Urrian hasi eta ikasturte amaiera arte,
Lehen Hezkuntzako (LH) bosgarren eta seigarren mailako ikasleek bertsolaritza landuko dute eskola orduetan. Ander Elortegi da proiektuaren arduraduna Busturialdean.
550 ikasle batuko ditu proiektuak eskualdean, Gernika-Lumoko, Bermeoko, Gautegiz Arteagako, Muxikako eta Busturiko ikastetxeetakoak.
Lehen Hezkuntzako 12 ikastetxe eta ikastola dira Busturialdean Mundu bat bertso proiektuagaz bat egin dutenak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) bi. Izan ere, bapatekoa landuko duten zazpi talde sortu dituzte eskualde horretan.
Trebatu. Ahozkotasunetik abiatuta, ikasleek hizkuntza, kultura, musika eta
trebetasun pertsonalak lantzea du asmo Bizkaiko Bertsozale Elkarteak herrialde osoko ikastetxeetan bultzatutako proiektuak. Astero, edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren
oinarrizko ezagutza jasoko dute.
Bertsoak jolasean, ariketak eginez edota ikus-entzunezkoak baliatuz landuko dituzte ikasleek. Ikasturte amaieran ikastetxetako ikasleak batu eta
jendaurreko saioa egiten dute. Jolasekin, asmakizunekin, antzezlanen bidez, bertsotarako trebetasuna erakusten dute. Bermeon eta Gernika-Lumon egingo dituzte topaketak.