Haurren artean literaturarekiko zaletasuna piztea helburu duen
Kontuleku tailerra martxan hasiko da
urriaren 3an, eta
azaroaren 28ra arte eskainiko da Bermeoko udal liburutegian.
Umeak eta gurasoak Kontuleku tailerrean. Argazkia: Bermeoko Udala
3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako ekimena da, eta liburuekiko maitasuna sustatzeaz gain, ahozko literaturaren eta irudimenaren munduari esker, umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotu gura dituzte Kontuleku tailerraren bitartez.
Bederatzi saio izango direla azaldu dute, eta
martitzenetan bilduko dira udal liburutegian. Orain arte egin modura,
bi taldetan banatuko dituzte umeak; alde batetik, 3 eta 4 urteko umeen taldea egongo da, eta horiek 17:15tik 18:15era batuko dira. Beste alde batetik, 5 eta 6 urtekoen taldea 18:15etik 19:15era batuko da.
Talde bakoitzean zortzi umek baino ezingo dute parte hartu,
guraso bategaz.
Udal liburutegiko arduradunek azaldu legez, «gurasoek bere seme-alabekin bizipenak elkarbanatzeko baliabideak aurkituko dituzte espazio horretan: soinu jolasen, jolas lirikoen edota antzerkien bitartez, beste teknika batzuen artean». Hala, diotenez, horien bitartez, afektibitatea, psikomotrizitatea, estimulazio goiztiarra eta harremanak landuko dituzte, besteak beste.
Saio bakoitzean jarduera eta gai desberdinak jorratuko dituztela azaldu dute, eta, gurasoek hala gura izanez gero, bibliografia eta etxean lantzeko jarraibideak emango dizkiete.
Kontuleku tailerrean parte hartu gura duten horiek,
Bermeoko udal liburutegian eman beharko dute izena, eta
doako tailerra dela gogorarazi gura izan dute.