Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren baitan sortutako abestia da Miñen puntiegaz. Abestia Bermeoko musika taldeetako 15 musikarik egin dute. Honakoek parte hartu dute: Zona Cero, Zartada, Etxekalte, Ozhen, Urgatz, Ttakuntxo, Gatom eta Leire Gotxi.
Parte hartu duten zenbait musikari abestia grabatzen. Argazkia: Bermeoko Udala
Abestia ez ezik, bideoklip bat ere egin dute.
Jai girorarako abestia egin gura izan dutela esan du Urgatz taldeko Asier Renteriak: “umore puntua eman diogu, bai eta neskatan edo mutiletan egiteko puntua ere. Euskaraz bi horiek egiteko modua ere badagoelako”. Hemen abestiaren letra.
Maite Alvarez Bermeoko euskara teknikariak euskararen kale erabileraren datuak ekarri ditu gogora, eta horien arabera, gazteak dira Bermeon euskara gutxien erabiltzen dutenak. Dioenez, “sarri euskarari buruz darabilgun diskurtsoa serioegia izaten da, eta zama arintzeko ahalegina egin beharko genuke, egungo gaiak, gai arinagoak edota umorea erabilta”.
Horregatik, herriko talde gazteen eskutik herriarentzat abesti bat egitea “erakargarria eta interesgarria” izango litzatekeela pentsatu zuten; batetik, bermeotar gazte sortzaileen lana argira emateko, eta, bestetik, euskara bultzatzeko; eta, horretarako, Miñen puntiegaz abestia “aproposa” dela uste dute, “musikari, erritmo eta ekarpen ugari elkartu baitira abestiaren bueltan”. Gazteak erakarri nahian, gainera, 27 urtetik beherako partaideak dituzten taldeak aukeratu zituzten abestia egiteko, “herriko talde guztiekin abesti bat egitea ezinezkoa izango litzatekeelako. Hortaz, aukeraketa egiteko modu bat zen”.
Era berean, Lore Barrena bertsolari bermeotarraren lana ere eskertu gura izan dute, oraingo abestia ezberdina bada ere, lehenengo letra berak egin zuelako.
Emaitzarekin, herriko musikarien inplikazioagatik eta egindako lanagatik “oso pozik” agertu dira Alvarez eta euskara zinegotzi Juan Karlos Agirre. Agirreren ustez, gainera, “andramarietako abestia izango da”. Herriko taberna guztietara bidaliko dutela azaldu dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.