Iazko arrakastaren ostean, beste urte batez, antzezlanek josiko dute herria irailaren 13an. Danetara, sei mikro antzerki dakartza aurten Bermeoko Udalak; euskarazkoak zein gaztelerazkoak. Guztiek 15-20 minutuko iraupena izango dute eta obra bakoitzaren hiruna saio egingo dituzte.
Jaietan ekimen kultural gehiago antolatzeko eta alde zaharrean lehen zegoen «bizitasuna» lortze aldera antolatu zituzten iaz lehenengoz mikro antzerkiak Bermeon.
Iazkoek Bizkaia mailan eta aktoreen artean «markatxoa» utzi zutela dio horiek antolatzeaz arduratu den Xabi Ortuzar aktoreak. Halaber, aipatu du «geroz eta aktore gehiagok parte hartu nahi dutela mikro antzerkietan».
Iaz, publikoaren erantzun zabala izan zuten antzezlanek; 525 sarrera saldu zituzten.
Antzerkiaz gozatu nahi duenak 18:30etik aurrera dauka hitzordua Goiko plazan. Leku berean izango dira sarrerak salgai, 17:30etik aurrera. Eta bertan kokatuta dagoen Kabidxen jatekoa eta edatekoa edukiko dute doan sarrera hartzen dutenek. Goiko plazan elkartuko diren arren, alde zaharreko beste leku batzuetara bideratuko dute jendea, antzezlan horiez gozatzekotan.
FITXAK:
- Herodes
Konpainia. Proyecto Hombro.
Zuzendaria. Lander Otaola.
Aktoreak. Diego Perez eta Mikel Losada.
Laburpena. Zehaztu gabeko denbora eta leku batean, ikus-entzuleak bi pertsona ezagutuko ditu. Horiek sufritzen, barre eta negar egiten, elkarri aurre egiten… dioten bitartean, publikoak ez du jakingo negar edo barre egin.
- Mundu berri bat
Idazlea-Zuzendaria. Erik Leal.
Aktoreak. Aiora Sedano eta Xabi Ortuzar.
Laburpena. Autobus geltoki batek berriro gertatu behar ez den istorio bat izkutzatzen du. Norabide argirik ez duen autobus geltoki bat, bertan egoteko arrazoirik ez duen geltoki bat, eta autobusik hartzeko beharrik ez duen geltoki bat…
- Boxers
Konpainia. Pez Limbo.
Aktoreak. Eduardo Hernando eta Raul Camino.
Laburpena. Dirua modu «erraz» batean irabaztea ahalbidetuko dioten isilpeko gorabehera baten murgilduta daude gizabanako bi. Ikuskizun on bat eskaintzeko beraien eskuetan dagoen guztia egingo dute.
- Sueño de una noche de poteo
Idazlea-Zuzendaria. David Caiña.
Aktoreak. Josu Angulo, Iñaki Urrutia eta Leire Orbe.
Laburpena. Josuk ez duenean Ametsetako Neska ezagutzen, azken horrek beraiengandik urruntzeko mehatxua egiten du. Eskerrak ametsaren amaieran ezereza baino ez dagoela gogorarazten dion zerbitzaria dagoen…
maitakale borroka
Idazlea. Mikel Fernandino.
Zuzendaria. Getari Etxegarai.
Aktoreak. Ane Pikaza eta Aitor Fernandino.
Laburpena. Kepa gau erromantiko hartarako prest zegoen… Neska hark perfektua zirudien. Indarkeriaz, maitasunez eta bestelako aldarrikapenez beteriko antzezlana.
- Que el talento te acompañe
Idazleak. Itziar Minguez eta Pedro Fuentes.
Zuzendaria. Pedro Fuentes.
Aktoreak. Yannick Vergara, Vene Herrero eta Yeray Vazquez.
Laburpena. Ez dago castinga bezain lan zailagorik aktore batentzat. Disekatuta eta epaitua sentitzen zaren amesgaiztoa… Tragikomedia bat gertuko galaxia batean.