Busturialdea Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finalaurrekora sailkatu da

Durangaldeko taldeari nagusitu zaio Arratzuko kanporaketan. Busturialdeak 371,50 puntu lortu ditu, eta Durangaldeak, berriz, 371 puntu. Hilaren 24an Zallan jokatuko dute finalaurrekoa

25. Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finalaurrekoan egongo da Busturialdea. Atzo Arratzuko Barrutialde BHIn jokatutako kanporaketa irabazita, martxoaren 24an Zallan ariko dira Busturialdeko bertsolariak.

Durangaldearen kontra lehiatu zuen kanporaketa, eta alde estua egon zen bi taldeen artean; Busturialdeak 371,50 puntu lortu zituen, eta Durangaldeak, berriz, 371 puntu.

A mailako (18 urte artekoak) taldeek egin zuten bertsotan lehenengo, eta jarraian, B mailako (24 urte artekoak) taldeen txanda izan zen. A mailan 153,50 puntu bildu zituzten Busturialdeko ordezkariek, eta B mailan, ostera, 218 puntu. Durangaldekoek 163,50 puntu eskuratu zituzten A mailan, eta B mailan, berriz, 207,50 puntu.

A mailan bertsolari hauek osatu zuten Busturialdeko taldea: Julen Carrion, Peio Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao. B mailan Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza eta Koldo Gezuraga izan ziren bertoko ordezkariak.

Durangaldetik Ander Sarriugartek, Eider Gallastegik eta Iruri Altzerrekak egin zuten bertsotan 18 urte artekoetan, eta Xabi Barreñak, Peru Astigarragak eta Gorka Pagonabarragak osatu zuten B mailako taldea.

Zortziko txikian zein handian, oinak, puntuak eta amaierak emanda, eta gai eta doinu librean osatu zituzten bertsoak. Besteak beste, Emakumeen Eguna, bertsolaritza, kirola, Durangoko eta Gernikako bonbardaketen 80. urteurrena eta elikadura izan zituzten hizpide.

Esperientzia gehiago ala gutxiagogaz, saio txukuna osatu zuten hamabi bertsolariek, eta giro ederra sortu zuten. Ikastetxeko eta institutuko ikasleek gustura entzun zituzten bertsoak, eta bertsolariak errespetatuz, adi jarraitu zituzten bi saioak.

Zortzi eskualde lehian

Zortzi eskualdetako 48 bertsolarik parte hartuko dute aurten txapelketan.

Atzokoagaz gain, beste hiru kanporaketa izango dira, eta martxoaren 24an eta 28an jokatuko dituzte finalaurrekoak. Finala martxoaren 31n izango da, Bilboko BBK Salan.

Hurrengo kanporaketa hilaren 14an jokatuko da. Igorreko Arratia BHIn lehiatuko dute Enkarterri/Ezkerraldea eta Arratia taldeek.
Ez dago iruzkinik

IKUSIENAK

Send this to friend