Beste urte batez, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da hainbat eta hainbat herritan, martxoaren 8an. Egun horretan zein aurreko eta osteko egunetan ere, hainbat jarduera egingo dituzte, aldarrikapenak tarteko.
Berdintasuna nire baitan hasten da lelopean aurkeztu du Emakundek aurtengo Emakumeen Eguna. Horrela, gizarte berdinzale bat eraiki eta lortzeko bidean norbanakoak duen erantzukizuna azaleratu gura dute, berdintasuna sustatzen duten jarrera eta ekintza pertsonalen garrantzia azpimarratuz.
Martxoaren 14ra arte iraungo duen kanpainan eguneroko adibide baikorrak ageri dira, norbanakoak bere inguru hurbilenean berdintasun arloan egin ditzakeen ekarpenak azalduz.
Sare sozialetan
Herritarrak adibide horiek erakustera gonbidatu dituzte, eta horretarako sare sozialetan adibideak ematera animatu dituzte, #BerdintasunaEgitenDut traola erabiliz.
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak berdintasuna lortzea herritar denen erantzukizuna dela nabarmendu du: “Erakundeena, mugimendu sozialena, enpresena, familiena, ikastetxeena, komunikabideena, era guztietako entitateena… Eta baita ere pertsona bakoitzarena. Pertsona bakoitzak bere eragin eremuan zerbait egin dezakeelako berdintasunaren alde. Guraso bezala, lagun bezala, hezitzaile bezala, bezero bezala, enpresa bateko arduradun bezala… Kanpainak dion moduan, gero eta gehiago dira ekintzetara pasatu diren pertsonak, eta eredu hauek erakutsi nahi izan ditugu”.
Ez ohiko batzarra
Eudelen eta Emakunderen lankidetzagaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakume hautetsiek Emakumeen lehenengo ez ohiko batzarra egin zuten Gernika-Lumoko Batzarretxean, eguaztenean.
Emakume alkate, zinegotzi, batzarkide eta legebiltzarkideak batu ziren, eta baita euskal alderdi politikoetako ordezkariak ere. Gizonezkoek gonbidatuen eserlekuetatik jarraitu zuten saioa.
Adierazpen Instituzionala irakurri zuten eguaztenean, Gernika-Lumoko Batzarretxean.
Argazkia: EUDEL
Sei alkate eta zinegotzik Adierazpen Instituzionala irakurri zuten; haien artean zegoen Idurre Bideguren Bermeoko alkatea. Eta besteren artean, Markina-Xemeingo eta Berriatuko udal ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian.
Eudelek prestaturiko adierazpenean, Europako Txostenaren aholkuak eta emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Bardintasunerako Europako Gutunetik sortutako konpromisoak azaldu zituzten. Horregaz batera, Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasunerako 4/2005 Legean ezarten diren betebeharrak ere gogora ekarri zituzten.
Zein bere esparrutik zortzi aholku bultzatzeko konpromisoa hartu zuten. Besteren artean, erabakitzeko organo garrantzitsuenetan ordezkaritza orekatua bermatzearen aldarrikapena egin zuten.
Baita hautatutako emakume ordezkariak eskumen banaketa edo funtzio esleipen estereotipauen edo bestelako diskriminazio edo jazarpen moduen eraginpean izatea eragozteko zenbait mekanismo ezartzea eta emakumeen ahalduntzea ahalbidetzen duten ekintza zehatzak ezartzea.
EGITARAUAK:
AJANGIZ:
- Martxoak 8, eguaztena. 18:00. Artxuberen emanaldia. 18:30. Talde argazkia. 19:00. Zumba.Ostean, merienda.
- Martxoak 11, zapatua. 13:00. Afrikar perkusio saioa. 14:30. Bazkaria (udaletxean edo Kultur Etxean izena emateko azken eguna martxoak 8).
ARRATZU:
- Martxoak 10, barikua. 20:00. Bertso saioa, plazan, Ander Elortegi, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martinegaz. Gai jartzailea Amaia Uribe.
BERMEO:
(Erroxape Emakume Elkartea)
- Martxoak 8, eguaztena. 12:00. Santa Eufemia elizan, hildako bazkideen aldeko ohiko meza eta kalejira trikitrixagaz. 15:00. Erroxapeko bazkideen bazkaria, Kasinoan.
- Martxoak 9, eguena. 19:00. Pilar Corcueraren Importancia del trabajo de las abuelas y abuelos en sus nietos hitzaldia, Erroxapeko lokalean. Jarraian. 2017ko kontakizun laburren sari banaketa, eta Erroxapeko koruaren emanaldia.
(Sareginek)
- Martxoak 8, eguaztena. 19:00. Lameran, elkarretaratzea, Matxismoak hiltzen gaitu. Autodefentsa feminista lelopean.
- Martxoak 24, barikua. 19:30. Herriko tabernan, Borroka armatua eta kartzelak aurkeztuko du Zuriñe Rodriguezek.
(Arrantzaleen Museoan)
- Martxoak 8, eguaztena. Sarrera doan emakumeentzat.
BUSTURIA:
- Martxoak 10, barikua. 19:00. Altamirako Kultur Etxean, Las mujeres de Busturia frente al franquismo. Las resistencias ocultas hitzaldia.
- Martxoak 11, zapatua. 19:30. Karramarroa antzezlana, Altamirako Kultur Etxean. 21:30. Emakumeen afaria, Altamiran.
EA:
- Bihar. 19:00. Gure erotika, gure gorputzaz berbetan tailerra Agurtzane Ormatza psikologo-sexologoagaz, Eskolondon. 21:00. Emakumeen afaria, Bodegoian.
- Martxoak 8, eguaztena. 19:00. Elkarretaratzea, plazan.
EREÑO:
- Martxoak 8, eguaztena. 17:00. Emakumeen briska txapelketa, Ereñozar tabernan (izen ematea, 15 minutu aurretik). Ostean. Askaria.
FORUA:
- Bihar. 11:00. Bilbora irteera: Bazkaria, Arriagan Serlo o no antzerkia ikusiko dute.
GAUTEGIZ ARTEAGA:
- Martxoak 11, zapatua. Herriko emakumeen afaria, Lezikan (martxoaren 8a da izena emateko azkenengo eguna).
GERNIKA-LUMO:
- Bihar. 19:30. Egurrek deituta, Astran batu, eta 20:30ean, Pasealekuan, gazte Hardbass feminista.
(Asunek Talde feministie)
- Gaurtik martxoaren 7ra. Emakumeak kalera poster erakusketa, Astran.
- Martxoaren 6, astelehena. 19:00. Me quiere no me quiere… Analizando el amor romantico hitzaldia, Maria Agirre aretoan.
- Martxoak 8, eguaztena. 19:00. Manifestazioa, Merkuriotik irtenda.
- Martxoak 31, barikua.19:30. Emakumea eta enplegua Matrakaña saioa, Astran.
- Apirilak 8, zapatua. Egun morie.
(Udal liburutegia)
- Martxoak 6tik 10era. Emakume komikilariak.
(Euskal Herria Museoa)
- Martxoak 7, martitzena. 18:00. Goru aurkezpen eta erakustaldia (erreserba egin).
- Martxoak 8, eguaztena. Emakumeentzat sarrera doan.
(Zine Klub Elkartea)
- Martxoak 10, barikua. 20:30. El porvenir filma, Lizeon.
(Xankore taldea-Emakide)
- Martxoak 11, zapatua. 19:00. No nos llega antzezlana, Elai Alai aretoan.
(Sare Gernika-Lumo/ Asunek Talde Feministie)
Martxoak 21, martitzena. Emakumea eta kartzela. Begirada feminista bat hitzaldia.
IBARRANGELU:
- Martxoak 8, martitzena. 18:00. Emakumeentzako txokolate jana doan, Gabiri tabernan (izen ematea Gabirin edo kultur etxean, hilaren 6a orduko).
KORTEZUBI:
- Martxoak 11, zapatua. Gauean. Kortezubiko emakumeen afaria, Lezika jatetxean (izena eman behar da udaletxean, martxoaren 9a orduko).
MENDATA:
- Martxoak 11, zapatua. 14:30. Emakumeen bazkaria, Elexalde auzoko Artape tabernan. Izena ematea: martxoaren 9a baino lehen, Idatze Etxean, egunero, 10:00etatik 14:00etara (94-625 72 04) edo Artape Tabernan (94- 625 13 79). Udalak oparitxo bat egingo die emakumeei.
MUXIKA:
- Martxoak 11, zapatua: 19:00. Hor gabiz gu Muxikako emakumeen ekitaldia Ariatzako elizan.
- Martxoak 12, domeka. 14:00. Herri bazkaria, Astein. Ondoren. Erromeria einGO taldeagaz (bazkarirako txartelak, liburutegian: Muxikan erroldatutakoek 20 euro; ez erroldatutakoek 40 euro. Erosteko azken eguna: martxoaren 8a. Udalak autobusa jarriko du).