Barikuan zabalduko ditu ateak Bermeoko Liburu eta Disko Azokak, eta
martxoaren 12ra bitartean bisitatu ahalko da, urtero legez,
Lameran. Liburu eta Disko Azoka goizez zein arratsaldez egongo da zabalik:
11:00etatik 14:00etara bitartean eta
16:00etatik 20:30era bitartean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten,
hamalau salmahai aurkitu ahalko dira azokan. Bertaratutakoek euskal eta erdal berritasunak aurkitu ahalko dituzte.
Euskal berritasunek, gainera, liburu zein diskoek,
%10eko beherapena izango dutela azaldu dute antolatzaileek.
Irakurzaletasuna bultzatu asmoz, «azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea» ditu helburu Bermeoko Liburu eta Disko azokak. Hala, herritarrek zein bisitariek hainbat gai izango dituzte aukeran: haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa eta euskal diskogintza, beste hainbaten artean.
Liburu eta diskoekin batera,
azokako salmahaietan Euskal Poesia erakusketa bisitatu ahalko da. Aipatu erakusketan, gutxi gorabehera, 1940. urtera arteko euskal poesia jasoko da: Lizardi, Lauaxeta, Horixe, Aitzol…garai haretako euskal poesiaren argazkiak eta azalpenak ikusteko aukera egongo da, hortaz, liburu azokan.
Bestalde, azokak iraun bitartean,
zenbait idazle ere etorriko dira Bermeora. Jakinarazi dutenez, bigarren asteburuan Inmo Roiz, Miren Palacios, Anton Arriola eta JJ Abasolo idazleak bertaratuko dira euren liburuak sinatzera.