Jai giroan egingo da zapatuan Markina-Xemeingo finalaurrekoa
Uni frontoian jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Inprobiseixon Fest jaia antolatu dute herriko hiru taldek eguna borobiltzekoGiro onez lagunduta dator zapatuan Markina-Xemeinen jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapel...
Uni frontoian jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Inprobiseixon Fest jaia antolatu dute herriko hiru taldek eguna borobiltzeko
Giro onez lagunduta dator zapatuan Markina-Xemeinen jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa. Udagoieneko faseko lehenengo finalaurrekoaren harira, Inprobiseixon Fest deitu duten jaia antolatu dute Markina-Xemeingo hiru taldek: Bertso eskolak, Gazte Asanbladak eta Gure Esku Dago-k. Horrela, bertso saioari kontzertu bat eta txosna ere gehituko zaizkio, finalaurrekoa oraindik ere jai handiagoa bihurtuz.17:30etik aurrera, sei bertsolarik kantatuko dute Uni frontoian, euren artean Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak. Eta Ibarzabalegaz batera, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Jone Uria Albizuri, Joseba Barandiaran Andueza, Oihana Bartra Arenas eta Txaber Altube Sarrionaindia igoko dira kantxan prestatuko duten oholtza gainera.
Amaia Ugalde Begoñak jarriko dizkie gaiak sei bertsolariei; epaimahai lanetan, ostera, beste sei lagun ariko dira, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Miriam Juaristi Urizar eta Lea-Artibai eskualdeko epaile bi: Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarra eta Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra.
Idazkari lanetan, bestalde, Itxaro Juaristi Olaetxea eta Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarra ariko dira.
Markina-Xemeingo irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera; gainerakoek puntuazioen arabera edukiko dute horretarako aukera. Txapelketan aurrera egiteko, beraz, hurrengo lanak ahal duten bezain ondoen egin beharko dituzte bertsolariek: hamarreko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso eta kartzelako lana: puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta bakarkako lana: gai bati buruz hiru bertso, doinu eta neurri librean.
Batzuk beroketak eginda datoz. Joseba Barandiaran, Nerea Ibarzabal eta Txaber Altube lehenengo fasetik datoz, eta proba guztiak gainditu dituzte finalaurrekoan egoteko. Eneko Abasolok kanporaketa fasean hasi zuen txapelketa; Jone Uriak eta Oihana Bartrak, berriz, 2014ko finalistak izanik, finalaurreko horretan hasiko dute.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskuratu daitezke aldez aurretik, edo egunean bertan frontoiko txarteldegian, 16:00etatik aurrera.
Plaza Barripetik Gaztetxera
Markina-Xemeingo Gure Esku Dago-k Plaza Barripean jarriko duen txosnan edaria, kafea, bizkotxoa, ogitartekoak eta pintxoak eskainiko dituztela aurreratu du. Txosna zabalik egongo da finalaurrekoa orduko, 16:30etik 17:30era, bai eta ere saioa amaitzen denetik 20:30 edo 21:00 inguruan 23:00ak arte.
Akerbeltz gaztetxera lekualdatuko da jaia orduan. 2zioren kontzertua eta Urrats taldearen erromeria egongo dira.