Goieaskoetxearen gertukoek HITZAri jakinarazi diotenez, kartzelaz mugituko dituztelaren berri eman diete Valencen dituzten bi presoei. Hala ere, lekualdatzerako datarik ez dute, eta gaurtik bi hilabetera arte luza daiteke epea. Senideek jakinarazi dutenez, Valencetik atera arte, orain arteko borrokarekin jarraituko dute Goieaskoetxea eta Zobaranek. Borroka horren bitartez, besteak beste, Euskal Herriratzea eta euskal preso politikoekin egoteko aukera izatea exijitu gura dute.
Abuztuaren 8an hasi zuten protesta. Eguneko 23 ordu zigor ziega barruan ematen dituzte, eta senide eta lagunekin bisitak ere etenda dituzte. Hain zuzen, Valencetik ateratzeko eta Euskal Herritik gertuago dagoen kartzela batetara mugitzeko eskatzeko hasi zuten protesta. Haien aldarrikapenen berri zabaltzeko,
gutun bidalketa masiboa hasi zuten, eta
Frantziako kontsulatuaren aurrean protestak egin dituzte. Halaber, eguen honetan, hilaren 13an,
elkarretaratzeak egingo dituzte
Bilbon, Gernika-Lumon, Plentzian eta Urduñan.
Goieaskoetxea eta Zobaran
ekainean mugitu zituzten Valence espetxera.