Gernikako EH Bilduk zinegotzi liberatu bat eskatuko du udalean
Agintaldiaren lehen urte honetan gobernuak erakutsitako jarrerak informazioa eskuratzea eta proposamenak egitea ezinezkoa bilakatu duela adierazi du EH Bilduk. Egoera horrekin bukatzeko eta kontrol jarduera errazteko, oposizioan lan egingo duen zinegotzi liberatu bat izendatzea proposatuko du. Hain zuzen, Irati Bidaurreta proposatuko dute horretarako, udaletik burutzen duen lanaren informazioa eskuragarri jar dezan, bai oposizioarentzat, eta baita herritarrentzat ere.
EH Bilduk proposamena zabaltzeko gaur egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, herriari “bizkarra emanda” gobernatzen du udal gobernuak. Behin eta berriro salatu duten egoera hori aldatzen ez dela ikusita, irtenbide bakarra jarduera osoan ariko den zinegotzi liberatu bat jartzea dela erabaki dute.
Liberatu horrek, oposizioaren presentzia ziurtatuko luke Gobernu Batzordean eta Batzorde Informatiboetan.
Udal Gobernuak duen informazioa biltzeaz eta sailkatzeaz arduratuko litzateke, herriarekin partekatuz. Horretarako, eta ‘ateak zabaldu’ filosofiari jarraituz, EH Bilduren udal bulegoa ere herritarren eskuraa jarriko lukete: harrera, informazioa eta laguntza gune bezala, eskariak bideratzeko, kexak aurkezteko eta elkarte zein eragileen ekimenak udalera eramateko bitartekari lanak egin ahal izateko.
Legeak bermatuta
Orain hilabete batzuk indarrean sartu zen Euskal Udal Lege berria. Horretan jaso denez, oposizioaren lana errazteko eta parte hartzea bermatzeko, jarduera osoan arituko den oposizioko zinegotzi liberatuaren figura izendatzeko egiten duen gomendioan oinarritu da EH Bildu.
Soldatak berdinduta
Ekainekoo osoko bilkuran, bestalde, EH Bilduko ordezkariek udal partaideen soldatak gehiegizkoak diren kezka azaldu zuten. Ildo horretatik jarraituz, eta liberatu berri horrek herriari kostu gehigarririk ez suposatzeko, gaur egun lau soldatetan gastatzen dena, bost pertsonen artean banatzea proposatuko dute. Horrek liberatuen soldatetan %20ko murriztea ekarriko lukeen arren, “soldata duinak” mantenduko liratekeela dio EH Bilduk, “eta oposizioa Udalaren kudeaketan era justuagoan parte hartzea bermatuko luke”.