24 ume egon dira Txiki Txef lehiaketaren lehen hautaketan
Datorren zapatuan jokatuko dute finala, merkatu plazan, eta hamar finalista egongo dira lehiaketaren azken txanpan. Merkatu plazan sukaldatu beharko dute5 eta 12 urte bitarteko 24 umek parte hartu zuten zapatuan, Berazel Bermeoko Azokako Elkarteak anto...
Datorren zapatuan jokatuko dute finala, merkatu plazan, eta hamar finalista egongo dira lehiaketaren azken txanpan. Merkatu plazan sukaldatu beharko dute
5 eta 12 urte bitarteko 24 umek parte hartu zuten zapatuan, Berazel Bermeoko Azokako Elkarteak antolatutako lehenengo Txiki Txef lehiaketan. Zapatukoa lehen hautaketa izan zen; datorren zapatuan jokatuko dute, berriz, finala.Epaimahaikideek hamar lagun aukeratu zituzten finala jokatzeko: Gorane Martin, Mikel Sarrionandia, Mikel Zabaleta, Iban Iriarte, Azahara Haf, Julen Barturen, Ilargi Uriagereka, Paula Laia, Eider Ortuzar eta Nora Laia. Hala ere, parte hartzaile guztiek aurreko mantala eta diploma bana jaso zituzten.
Parte hartzaileek gura zuten platera egin zuten zapatuko proban. Osagaiak etxetik eroan zituzten prestatuta, eta merkatu plazaren kanpoaldean landu zuten platera. Batzuek plater gaziak prestatu zituzten, beste batzuek, ostera, gozoak.
Erosketak merkatuan
Finala, berriz, zailagoa izango da, merkatu plazan bertan sukaldatu beharko dutelako. Finalistek etxean pentsatu beharko dute zein izango den zapatuan egingo duten platera. Erosketak merkatu plazan egin beharko dituzte egun horretan, eta horretarako parte hartzaileek gurasoen edo arduradun baten laguntza eduki ahalko dute. Ondoren, antolatzaileek utzitako sua erabilita prestatu beharko dute finalerako platera. Sukaldatzerakoan, gurasoen laguntza eduki ahalko dute umeek, soilik 10 minutuan. 5 urte dituzten finalistak ere badaude, eta haiek gurasoekin sukaldatzeko tarte handiagoa izango dutela azaldu zuten epaimahaikideek zapatuan.
Hurrengo urtera begira lehiaketa berriro antolatuz gero, adinen araberako bi talde egitea izango litzateke onena epaimahaikideen arabera: «5 urtetik 12ra tarte handia dago, eta ezin daitezke gauza berak egin eta modu berean landu».
Bermeoko kalitatezko produktuak eskaintzen dituen udal azoka indartzeko ekimena dela diote antolatzaileek. Era berean, elikadura osasuntsua bultzatzeko modua ere badela uste dute.