Etxetik pasatu ostean, guraso eta ahizparekin heldu da Ikuilu elkartera 14:30ak inguruan.
Ikuilu elkartearen atarian zein zituen ehunka herritar. Bertsoekin agurtu dute senide eta lagunek; besarkada eta musu artean jaso du ondo etorria errrigoitiarrak.
Jai giroan egin dute harrera ekitaldia. Ikuilu elkartekoak herrian batu den jendetzarentzat taloak egiten aritu dira elkartearen kanpoaldean.
Amezaga hemezortzi hilabeteko zigorra bete ostean geratu da libre gaur goizean. 09:00ak orduko atera da Brievako (Avila, Espainia) espetxetik.
Atxilotu ostean, hiru hilabete egin zituen Zaballako (Araba) espetxean, eta Avilara eraman aurretik, bi aste inguruz egon zen Soto del Realen (Madril, Espainia).
Elkartasuna, aterki laranjenpean
2014ko abenduan atxilotu zuten Amezaga, elkartasuna adierazi zioten hainbat herritarren protesta artean. Pankarta bat eusten zuen makila batean aurkitutako hatz-marka batzuk froga hartuta eman zuten espetxeratzeko agindua, terrorismoa goratzea leporatuta.
Espetxeratzeko agindua jaso, eta epaileak hamar egun eman zizkion espetxera sartzeko. Hala ere, Ertzaintzak berehala atxilotzeko agindua eman zezan eskatu zion epaileari. Hori dela eta, errigoitiarra bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak 2014ko azaroaren 25ean, kartzelan agertzeko hamar eguneko epea bertan behera utzita.
Ezkutatu egin zen Amezaga, eta atxilotu bitartean, hainbaten babesa jaso zuen gazteak. Herritar, abade, kazetari, irakasle, polizia eta zenbait udalek «bidegabekeria» salatu zuten, eta epaiketa politikoa zela iritzita, bertan behera uzteko eskatu zuten.
Aterki laranja bilakatu zen errigoitiarra babesteko mugimenduaren ikur. Ezkutuan egon zen hiru asteetan, «gizarte libre baten bizitzeko eta salbuespen egoeragaz bukatzeko nahia» zuten hainbat herritar batu ziren Gernika-Lumon.
Libre bizitzeko hautua eginda, 2014ko abenduaren 13an eta 14an agertu zen Amezaga, herritarren babesagaz. Bere atxiloketa saihesteko eta bera babestera etorritakoak hartu ahal izateko, Herri Librea dinamika ere hasi zuten. Abenduaren 15ean, eta asteburua igaro ondoren, Gernika-Lumoko merkatuan zegoela, kalez jantzitako poliziak gaztea atxilotzen saiatu ziren. Azkenena, istiluen aurkako polizien laguntza behar izan zuten. Amezaga babesten zeuden herritaren eta plazan zeuden lekukoen esanetan, «aspaldi ikusi gabeko bortizkeria erabiliz» atxilotu zuten.