EAEko Auzitegi?Nagusiak emandako epaia onartuz gero, subrogaziorako bidea zabaldu daitekeela uste dute, eta beraien lanpostuak kolokan egon daitezkeela
Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) beharginek beren lanpostuen etorkizuna bermatzeko eskatu dute. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak diren Karmelo Azurmendi, Txaber Bilbao eta Ugaitz Goirienak azaldu legez, gaur egungo egoeran beraien lanpostuak «kolokan» daude. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako azken epaiaren arabera, Ur Partzuergoko langileak ziren Aquarbeko 17 langileen kaleratzea ez zen zuzenbidezkoa izan. Horrela, sententzia aipatuz, haien lanpostuak subrogatzeko eskubidea urratu zaizkiela salatu zuen EAJk prentsa oharrean.
Busturialdeko Ur Partzuergoak lanpostuak publiko bihurtzea erabaki zuen 2013. urtean. «Guk gure lanpostuak ditugu elkarte publikoak lanpostu publikorako jarritako baldintzak bete ditugulako», azaldu dute sindikatuetako delegatuek; eta legeak ezarritako bidea jarraituta daudela lanean.
Hiru ordezkariek diotenez, Partzuergoko beharginek ez dute Aquarbeko langileen kontra egin nahi. Haien jarrera ulertzeko modukoa dela diote, eta normaltzat jotzen dute beraien eskubideen alde egitea. Hala ere, gaur egun lanean ari direnen baldintzak ere kontuan hartzeko eskatu diote Patzuergoko zuzendaritzari.
Helegitea
Zentzu horretan, langileek diote ez dutela ulertzen Busturialdeko Ur Partzuergoaren jarrera: «Ez dugu ulertzen zergatik zuzendaritzak ez dituen lanpostu publikoak babesten eta Auzitegiaren erabakiari helegitea jartzen». Diotenez, zuzendaritzak ez du kontuan hartu txosten juridikoek diotena, eta esan dute jarerra horrek egonkortasun eta ziurtasun eza sortzen duela langileen artean.
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia errekurritzeko modukoa dela diote, eta helegitea ez jartzeko interesen bat ote duten galdegin dute. Epaiaren arabera, Busturialdeko Ur Partzuergoa eta Aquarbe lirateke kaleratzeen erantzule. Hala ere, sententziak ez du azaltzen alde bakoitzak zeren kargu hartu behar duen, eta hori argitzeko eskatu dio Aquarbek epaileari.
Zerbitzua hobetzeko
Azurmendik, Bilbaok eta Goirienaren iritziz, kaleratutako 17 langileen alde ez ezik, gaur egun lanean ari diren beste 50 langileen interesen alde ere egin beharko luke Busturialdeko Ur Partzuergoak. «Bi hilabete dira gure lan baldintzen erreibindikazioa egin genuena, eta erantzunik ez dugu oraindik. Gainera, gure etorkizuna bermatzeko eskatu nahi diogu zuzendaritzari. Partzuergotik jasotzen dugun soldatatik bizi gara, eta gure esfortzu eta lanagatik jasotzen dugu soldata hori» –diote–. «Erakutsi dugu gure lanak hobekuntzak ekarri dizkiola Partzuergoari, eta hobekuntza horiek herritarrei eman beharreko zerbitzua zein beharginen lan baldintzak hobetzeko izan beharko lirateke» .
Hala, LAB ta ELA sindikatuetako delegatuek adierazi dute Busturialdeko Ur Partzuergoaren alde lanean jarraituko dutela, «gure iritziz, ura ez baita negozioa egiteko baliatu daitekeen ondasuna». Beraz, zerbitzu ona, hubilekoa eta kalitatezkoa emateko lan egingo dute.