Zehatz esateko, 316 triatletak eman dute izena. Horietatik, 282 gizonezkoak dira, eta 34 emakumezkoak.
2016ko Euskal Herriko zirkuituaren barruan jokatuko den bigarren triatloia izango da, eta Bizkaiko lehenengoa. Gainera, Du Tri Lasport kopako bigarren proba puntuagarria ere bada.
16:00etan hasiko da emakumezkoen proba, eta hamar minutu beranduago hasiko da gizonezkoen lehia. Lasterketaren muina, helmuga eta boxeak Mikel Deuna enparantzaren inguruan egongo dira. Hala ere, proba hasi aurretik, Artza frontoian egingo dute dortsalen banaketa.
Lehenengo igerian ariko dira (750 metro), gero bizikletak hartu eta 24 kilometroko ibilbidea burutuko dute, eta azkenik, 5 kilometro egingo dituzte korrika.
Bizikletako proba Bermeo eta Bakio artean egingo dute, eta tartean, Gaztelugatxetik pasatuko dira.
Triatloia amaitu ostean, partaideek Areneko kiroldegian izango dute dutxatzeko aukera.
18:30ak aldera hasiko da sari banaketa. Irabazleek 300 euro, garaikurra eta Campos kontserben produktu sorta jasoko dute. Bigarrenek, 200 euro, garaikurra eta Campos kontserben produktu sorta eramango dute etxera, eta hirugarrenek, 100 euro eta Campos kontserben produktu sorta.