Lehiaketako irabazleak eta aipamena jaso duten ikasleak gaur goizeko sari banaketa ekitaldiaren ostean
Bermeoko XI. Bertsopaper lehiaketak baditu irabazleak: lehenengo mailan (11 eta 14 urte bitartekoak) Maria Bidetxearen bertsoa izan da onena Lilibertso bertsolaritza taldeko kideen arabera, eta Lore Barrenarena, berriz, bigarren mailan (15 eta 18 urte bitartekoak). Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia Nestor Basterretxea aretoan. Herriko ikastetxe guztietako ikasleak hurbildu ziren eta Jone Larrinaga eta Inazio Vidal bertsolariek ere parte hartu zuten.
Aurten, epaimahai lanetan aritu diren Lilibertso taldekoek, bertso onenak aukeratzeaz gain, zenbait aipamen ere egin gura izan dituzte. Hala, bigarren mailan Marta Martinez eta Nagore Fernandezen bertsoak jaso dituzte aipamenak; eta lehenengoan, Oier Labinek, Danel Goikoetxeak, Almike Alonsok, Naroa Ontiberok eta Naroa Jimenezek.
Guztira, 146 bertso aurkeztu dituzte bertso paper lehiaketara. 140 izan dira lehenengo mailan aurkeztutakoak, eta 6 soilik, bigarrenean. Hala ere, aurtengo parte hartzea iazkoa baino handiagoa izan dela nabarmendu dute, iaz 118 bertso aurkeztu zituztela gogorarazita.
Otzakiltzu ezizenarekin aurkeztu du Bidetxeak bertso irabazlea. Oporrak izeneko bertsoan gabonetako, udako zein aste santuko oporrak kontatzen ditu. Epaimahaiaren arabera, «errima zehatza errespetatzen du, neurria ere egoki neurtua». Irabazleak, lotsatuta, ez du bere bertsoa abestu gura izan eta Larrinaga eta Vidal bertsolariek egin dute.
Barrenak, berriz, Oroitzapenak ezizenez aurkeztu du bertsoa. Gelako argazki batez ari da bere bertsoan, baina azken bertsora arte ez du bere ideia agerian uzten. «Errima aldetik, lehen hiru bertsoetan oso ondo. Azken mailan, aldiz, maila apur bat jaisten du, baina errimatuta dago. Ondo neurtutako bertsoa egin du», diote Lilibertsokoek.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.