Zuon ahotsekin, HITZA egiten
Busturialdeko Hitzak urteurren biribila ospatzen du. Bi hamarkada hauetan, eskualdeko albisteak zabaldu ditu, eskuz esku eta etenik barik. Hurbileko notiziak hurbiltasunez eman ditu eta emango ditu. Herrigintzatik jaio zen, eta herrigintzari ere zor dio bizirik irautea, eta beraz, elkarrekin ospatu gura izan du gaztaro betean egon izana. Hitzarenganako maitasuna, elkartasuna eta babesa erakutsi duzue 20 urtetan, eta hori bueltatzeko ere antolatu dugu gaurko eguna. Gurea bada proiektu txikia, zuen babes eta maitasunagaz eta bertako langileen etengabeko ahaleginagaz hazi dena, hazten doana. Bi hamarkadetan bidelagun izan ditugunekin eta aurrerantzean ere alboan edukiko ditugunekin ospatu gura izan dugu orain arte egindako ibilbide emankorra. Elkarrekin egoteko, elkarrekin ospatzeko eguna da gaurkoa.
2005. urteko abenduaren 15ean kaleratu zuten lehenengo alea, baina, aurretik, urriaren 31n, Urriko Azkenengo Astelehenean banatu zuten 0 alea. Egunero bertoko informazioa jasotzen zuen egunkari bat gure hizkuntzan, euskaraz irakurtzeko aukera zabaldu zitzaigun orduan. Sorreratik askoren gosariaren osagai izan da, beste batzuentzat, goiz erdiko kafearen parte bat, eta beste askorentzat bazkalosteko konpainia edo afalostean, patxadatsu irakurtzeko lasaitasuna.
Euskararen normalizazio biderako lagungarri izateko jaio zen HITZA, eta euskarak bizi duen oldarraldiaren aurrean, hemendik ere pizkundea aldarrikatu gura eta behar dugu. Euskara larrialdian dago eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin. Beraz, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egiten dugu hemendik ere, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek esan moduan, Pizkunde berri baten lehen txinparta bihurtu dadin.
Bi hamarkadatan, milaka albiste, onak eta ez hain onak, gozoak eta gaziak eman ditu HITZAk, eta aurrera begira, komunikazio proiektu erreferente izaten jarraitu nahi du, euskaraz, euskaratik eta euskaragatik. Zutabe finkoak dauzka HITZAk, baina oinarri sendoagoak behar ditu, euskarazko prentsa benetan sostengatuko duten politika aktiboak, eraginkorrak eta iraunkorrak.
HITZAK 20 urtetan egin du bidea, eta bide horretako zati handiena alboko eskualdeko proiektuari batu ostean egin du. Bat egitea beharrezkoa izan zen, eta gorabeherak gorabehera, proiektu bakarra sendotu eta erronkei aurre eginez eta balioei eutsiz heldu da 2025.urte amaiera honetara. Bidean oztopoak egon dira, baina pozteko hamaika arrazoi ere bai. Aukerak eta mehatxuak topatu ditu bidean HITZAk, baina langileen ekinaren, esfortzuaren eta maitasunaren indarragaz eta jendarte euskaltzalearen hauspo nekaezinagaz aurrera egin du, eta aurrera egingo du.
Ezinbesteko laguntzaile fidelak dauzka HITZAk. Asko eta asko izan zarete euskarazko eskualdeko egunkariaren alde sorreran zein ondorengo urteetan makina bat behar egin dozuenak. Sorreratik, askoren ahotsa, askoren hitza da, eta horri eusteko konpromisoa berresten dugu egunez egun, urtez urte. Eskualdeko eragile, elkarte, talde, instituzio eta norbanakoen informazioak lantzen ditugu papereko edizioan zein edizio digitalean, Bertoko ahotsa delako. Albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, ikus-entzunezkoak, argazki galeriak, zozketak, gehigarri bereziak… eskaintzen ditu, Busturialdeak kontatzeko daukana zabaltzeko, denen bozgorailu izateko.
Izan ere, gainontzeko egunkari, eta orokorrean, komunikabideetan lekurik ez duten albisteak, elkarrizketak eta erreportajeak jasotzen ditu HITZAk. Beste komunikabideetan ahotsik ez dutenei ahotsa ematen ahalegintzen gara egunero. Ekintza, aldarrikapen, ekitaldi zein ekimen txikienak ere garrantzitsuak direlako. Txikitasunean handia delako gure eskualdea bera, eta txikitasunean handiak direlako bertoko herritarrek sortzen dituzten proiektu, ekitaldi, jaialdi eta abarrak.
Ospatzeko eguna ez ezik, eskerrak emateko eguna ere bada gaurkoa. Maite, Rosalina, Jose Ramon, Bittor, Natxi, Jose Luis, Begoña, Oihana, Olaia, Ekain, Sabin, Andrea, Ane, Pernan, Dabid, Ibon, Asun, Saioa, Irantzu, Aitzol, Koldo… Eskerrik asko HITZAren komunitatea osatzen duzuen denoi. Harpidedunak, eragileak, udalak, zutabegileak, bezeroak, irakurleak, sare sozialetako jarraitzaileak, banatzaileak… Asko zarete egunero HITZA elikatzen duzuenak, euskaratik eta euskaraz, herrigintzatik, txikitasunetik… Asko zarete txikitasunetik ekinda, proiektu hau, komunitate hau HANDI egin duzuenok, sendotu duzuenok. Eta eskerrik asko 20 urtetan hitzez hitz HITZA egin duzuen langileoi, 20 urtetako HITZAk egiteko zuen alea ipini duzuen guztioi.
Zuon danon babesa eta bultzada ezinbestekoak izan dira Busturialdeko Hitzarentzat. Eskualdeko 20 udalerriak, 20 udalerrietako herritarrak, zarete proiektu honen birikak eta bihotza.
Erredakziotik zuon etxeetara, lantokietara, komertzioetara, udaletxeetara, kultur etxeetara… heltzen da martitzenetik barikura gure egunkaria, zuon egunkaria. Urtez urte hazten joan da proiektua, eta hazten joateko erronka dauka esku artean. Horretarako, harpidedunak behar ditu, bezeroak behar ditu, eta zelan ez, erakunde publikoen aupada ere behar du.
Esan bezala, 2005eko abenduaren 15ean kaleratu zen Busturialdeko Hitzaren lehenengo alea, eta horregatik, gaur Bermeon egongo gara. Haritz bat landatuko dugu bertan, eta datorren urtean zehar, eskualdeko beste hemeretzi udalerrietatik pasatuko gara haritzak auzolanean landatzen. Horrela, eskualdeko 20 txokotan HITZAren arrastoa utziko dugu. Eskuz esku jaio zen Busturialdeko Hitza, eskuz esku egin du bidea, eta eskuz esku egingo ditugu landaketak. Tokian tokiko harpidedun, irakurle, eragile eta udal ordezkariekin elkartuko gara HITZAren lantaldea osatzen dugunok.
Proiektuaren hasiera «ilusioz betetako unea» izan zen askorentzat, eta ilusioari eutsiz jarraitu behar du HITZAk.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren lantaldearen partez, eskerrik asko bidelagunok! Zuentzat eta zuekin, lanean jarraituko dugu!